Bertako bildotsa erosteko eskaria egin du EHNE sindikatuak

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 18a, 07:41

Bildots haragiaren %35a Eguberrietan kontsumitzen dela eta, bertako eta prezio duinean erostea eskatu du EHNEk.

Gardentasuna merkatuan eta prezio duinak eskatu dute

Urte guztiko arkume haragiaren %35a kontsumitzen den sasoi honetan, Eguberrietan, urtetik urtera errepikatzen ari den egoera salatu nahi izan du EHNE sindikatuak protesta baten bidez.

 

Gehienbat Frantziatik, egun hauetan 250.000 arkume bizi sartzen da Espainiar estatura. Arkume horien jatorrizko artaldeak esne ekoizpenera bideratutakoak izan ohi dira eta arras prezio baxuan erosten dira, bertako merkatua itoz: «ondorioz, bertan bizi garen ekoizleoi are eta prezio baxuagoa ordaintzen digute, egoera are eta larriagoa bilakatuz», diote EHNEtik.

Historikoki arkumea Gabonetan ordaindu izan zaio artzainari hobekien, baina gaur egun arras baxua da prezioa eta bi aste hauek igaro ondoren, erabat baxutzen da salneurria. Egoera hau ez da jasanagarria abeltzainendako.

EHNEtik diotenez, «kanpotik datozen arkumeak hemengo hiltegietan hiltzen dira eta kontsumitzaileak sarri, bertako sor marken baitan (Nafarroako arkumea…) ekoitzitako haragia dela uste du, nahasmena eraginez».

Etiketetan informazio garbia ez emateak hainbat hiltegik eta tratanteek nahi dutena egitea dakar: «erraterako, aurrez biltegiratutako arkume haragia kontsumorik altuena dagoen sasoi honetan merkatura ateratzen dute prezioak jaisteko eta artzainei huskeria bat ordaintzeko».

Administrazioei kontrol zorrotzak ezarri ditzaten exijitu die EHNEk, «merkatuan gardentasuna egon dadin, iruzurra saihestu eta kontsumitzaileak benetan jakin dezan zein produktu erosten ari den, haragiaren jatorria zein den eta kontziente izan dadin zer bultzatzen duen bere erosketaren bidez».

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun