Irekita daude Leitza eta Goizuetako garbiguneak

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 17a, 17:30
Irekierak arrakasta izan du.

Mendialdea Mankomunitatearen eskutik, martxan dira Leitza eta Goizuetako garbiguneak. Arano, Areso, Goizueta, Larraun, Leitza eta Lekunberriko biztanleei emango die zerbitzua, eta Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Hondakinen Partzuergoaren finantziazioa jaso du.

Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko kontseilari Isabel Elizaldek inauguratu du Leitzako instalazioa gaur goizez, eta lehendabiziko erabiltzaileak Erleta eskolako gaztetxoak izan dira. Hala, ikasleek garbigune berriaren estreinaldian parte hartu ahal izan dute.

2018 eta 2019 urteen artean Foru Komunitateko geografia osoko hamaika mankomunitatetako garbiguneetan egingo diren inbertsioen artean (3,5 milioi euro guztira) dago instalazioa. Garbigune berri hauek Tokiko Inbertsioen Planeko funtsetatik (2,8 milioi euro) eta Hondakinen Partzuergoko eta Iruñerriko Mankomunitateko funtsetatik (0,7 milioi euro) finantzatuko dira. Bi kokaleku dauzkan garbigunearen kasuan 118.982,18 eurotakoa da gastu osoa. Gastuaren % 73,5 Nafarroako Gobernuak finantzatu du, Tokiko Inbertsioen Planaren bitartez, eta gainerako % 26,2a Hondakinen Partzuergoak.

Garrantzitsua da azpimarratzea hondakin mota horiek direla zuzen kudeatzeko orduan zailtasun gehien aurkezten dutenak; hortaz, estrategia bateratua ezarriko da Foru Komunitateko garbigune guztietan. Horretarako, berariaz prestatuko dira langileak eta sistema informatiko berritzaile bat ezarriko da, hondakinaren bizitza-zikloaren jarraipena egiteko aukera emango duena.

Inaugurazio-ekitaldian izan dira baita Unai Loiarte Mendialdea Mankomunitateko lehendakaria, Iñaki Urrizalki Nafarroako Hondakinen Partzuergoko gerentea, Ur Alguero Aresoko alkatea eta Jose Javier Barberena Larraungo alkatea, eta Mendialdea Mankomunitatea osatzen duten tokiko erakundeetako ordezkariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun