Juanena-Endikak eta Uterga-Azpirozek irabazi dute finalerdietako lehen partida

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 17a, 10:43
Lehen finalerdian Saldiasko bikoteak alde polita lortu du, finalean sartzeko.

Saldiasko bikoteak 40-31 irabazi zien Doneztebeko Ezkurra II.a eta Etxeberria III.ari eta Utergal eta Azpirozek 40-37 Ansa II.a eta Barrenetxea IV.ari

Binakako erremonte txapelketako finalerdietako lehen jardunaldia jokatu zuten larunbatean Galarretan eta Juanenea-Endika eta Uterga-Azpiroz dira abantaila hartu duten bi bikoteak. Saldiaskoek 40-31 irabazi zieten Doneztebeko Ezkurra II.a-Etxeberria III.ari eta bigarrengoek 37-40 gainditu zituzten Ansa II.a eta Barrenetxea IV.a. 

 

Juaneneak eta Endikak bideratuta dute finalerako txartela, bigarren partidurako errenta polita baitute. Bederatzi tantoko aldeari buelta ematea zaila izanen dute Ezkurra II.ak eta Etxeberriak. Gainera Ezkurra II.a zalantza da datorren larunbateko partidarako. 11-10eko tantoan eskumuturrean pilotak kolpatu zuen eta min hartuta eboluzioa ikusi beharko da. 

Kolpe horrek baldintzatu zuen larunbateko lehen finalaurrekoa. 14na berdindu zuteb, baina hortik aitzinera nagusi izan ziren gorriak. Juaneneak serio jokatu zuen aitzinean eta Endikak abiadura eman zion pilotari gibelean. 28-21 ihes egin eta gero urdinak 28-27ra hurbildu ziren, baina bukaeran, garaipena ez ezik, tanto alde polita lortu zuten Juaneneak eta Azpirozek. 

Bigarren partida txapelketako onena izan zen, orain arte. Tanto ederrak ikusi ziren eta izugarrizko maila altuan jokatu zuten lau erremontistek. Gainera bigarren jardunaldirako irekia geratu da, hiru tantoren aldea ez baita erabakiorra. 

Xanti Utergak bere maisutasuna erakutsi zuen mota guztietako tantoak eginez. Azpiroz hotz hasi zen, baina ongi akitu zuen. Gorrietan Barrenetxeak erakutsi zuen zergatik den gaur egungo atzelaririk onena. Eta Ansak partidu orekatua jokatu zuen, nahiz eta azken bi tantoetan huts egin. 

Markagailuan gorriak joan ziren aurretik, 17-10 eta 25-18, baina Azpiroz berotu eta gero Utergak tantoak errazago akitu zituen eta 33-37 ere jarri ziren aurretik. Ansa eta Barrenetxea iritsi ziren berdintzera, 37na, baina azken hiru tantoak urdinak egin zituzten, 37-40 irabaziz. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun