Garai batean Australiara lanera joan zirenen eta haien senideen bila ari da Euskal Australiar Alkartea

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 16a, 13:00

Berriki sortu den elkarteak Australiara joan ziren haien lana ezagutzera eman nahi du

Ehunka eta ehunka izan ziren garai batean Australiara lanera joan ziren euskal herritarrak eta horiek gogoan sortu dute Euskal Australiar Alkartea. Dagoeneko elkartearen zuzendaritza ere osatu dute Australiara joan zirenen, haien ondorengoen eta Diasporako kideen artean. Zuzendaritza horretako kide da Julian Iantzi lesakarra eta Amaia Urberuaga Badiola, berriz, lehendakaria.

 

Euskaldunak nahi omen zituzten Australian. Hala, XX. mende erdi aldera, mila euskaldunekin hiru itsasontzi joan omen ziren Australiara. Gainera, Australiako Gobernuak ordaindu omen zituen bidaia haiek. Canguro, Emu eta Eucaliptus deitu zieten operazio haiei.

Lanera joandako gizonezko haietako aunitz, ordea, ezkontzera Euskal Herrira bueltatzen omen ziren eta hortaz, australiarrek neurriak hartu behar izan zituzten. Marta izeneko bertze operazio batean emakumeekin hegazkin bat bidali omen zuten.

Joandako batzuk lana egin eta Euskal Herrira itzuli ziren, eta bertze batzuk, berriz, lortutako diruarekin lurrak erosi eta baserriak edo farmak eraiki zituzten. Jendea behar zutenez, euskaldunei horretarako aukera eman eta milaka lagun joan ziren.

Geroztik Australian euskaldunek utzitako arrastoa ez da hutsa izan. Bi Euskal Etxe daude, Gure Txoko Sidneyn eta bertzea Townsvillen. Baina Euskal Herrian ere euskaldun haiek egindako lana ez dute alde batera utzi nahi eta ezagutzera emateko elkartea sortu dute. Horretarako protagonistak elkartera bildu nahi dituzte, baita han ibili ziren eskualdekoak ere. Behin hori eginda, urtean zehar protagonistak elkartu eta hainbat ekimen egin nahi dituzte: liburuak argitaratu, argazki bilduma egin, bidaiak antolatu, urtean egun bereziren bat antolatu... Horren harira, aipatzekoa da, azaroaren 25ean bazkaria antolatu zutela Gernikan eta 253 lagun bildu zirela.

Norbaitek interesa baldin badu Amaia Urberuaga lehendakariari (688 86 01 97) edo Julian Iantziri (688 81 19 25) deitzen ahal dio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun