«Emakumea kirol esparruan sartzeko borrokan segiko dugu»

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 14a, 20:00

Edurne Alzizar Ibarra doneztebarra

Aurkeztu zure burua.
40 urteko emakumea naiz, zoriontsu egiten duen familia osatu duena, gustuko lanean ari dena eta bizitzako erronkei aitzin egiten ikasi duena.


Zein dira zure zaletasunak?
Familiarekin eta maite ditudanekin egoteaz gain, zinema, bertsolaritza, kirola egitea... dut gustuko.


Emakume Korrikalarien Taldeko kide zara sorreratik...
Gaztetan gorroto nuen kirola. 32 urterekin hasi nintzen, bigarren alaba izan ondotik. Emakume talde bat iluntzetan gelditzen ginen, oinez ibiltzeko. Bertze emakume bat eta biok animatu eta korrika egiten hasi ginen. Hortik espazio  bat sortzea pentsatu genuen...


Noiz sortu zen taldea eta zein helbururekin?
2012an, eskualdeko emakume korrikalariak elkartzeko. Izan ere, emakumea kirolaren esparrutik kanpo gelditu izan da... eta gaur egun borroka horrekin jarraitzen dugu.


Noiz eta non biltzen zarete?
Ortzegunetan 20:00etan Doneztebeko kiroldegian. Herriko karriketan edo inguruko herrietan egiten dugu lasterka.


Zenbat lagun elkartzen zarete?
15 eta 57 urte arteko 10 emakume inguru, batzuk urteetako esperientzia dute, bertzeak hasi berriak. Elkar ezagutzen ari bagara ere, giroa ederra da. Saioak ohitura, gaitasun eta adinera egokitzen ditugu eta edozeinentzat egokiak dira.


Talde irekia da?
Zalantzarik gabe. Baztango edo Bortzirietako edonor bertara daiteke. Ordubetez kirola giro ederrean praktikatu nahi duenak ateak zabalik ditu.


Inguruko lasterketetan parte hartzen duzue?
EKT bezala, urtean zehar bi lasterketetan parte hartzea dugu helburu: San Silbestrean eta Herri Krosan. Horrez gain hiru urtez Donostiako Lilatoian parte hartu dugu.


Zein da San Silbestre lasterketaren berezitasuna?
Besta giroa, herrikoia eta ez lehiakorra izatea.


Asteburuko plan ederrena?
Bikotearekin kirola egiteko, deskantsatzeko eta otordu eder bat egiteko bide ematen duen ateralditxo bat.


Zer eskatzen diozu 2019ari?
Emakumeok, nahi dugun moduan, sexu eraso, jazarketa eta matxismo eta mikromatxismoetatik aske, lasai bizitzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun