Aurkeztu zure burua.
Sunbillan bizi den oronoztar gaztea naiz, motorzale sutsua, rallyetan ibiltzea eta familiarekin egotea gustuko duena.
Noiz hasi zinen rallyetan?
Aurten arte kopiloto lanetan ibili naiz. Hasieran Ioseba Ibarrarekin ateratzen nintzen eta gero Asier Jaunsarasekin. Lehenbiziko aldia 2015ean izan zen Pays Basque rallyan.
Zerk bultzatuta hasi zinen?
Betidanik izan dudan afizioa izan da eta aukera suertatu zaitenean aprobetxatu egin dut... Beti honen inguruan egonta ezin ezetzik erran!
Zer da rallya zuretzat?
Barrenak hustutzeko modua.
Aurten Malerrekako II. Rallya antolatzen aritu zara...
Bai, Malerreka Motorsport-eko lehendakaria naiz. Diru-laguntzak biltzen, baimenak lotzen, eguna antolatzen, anbulantzia eta bertzelakoak bilatzen... ibili naiz. Hori dena Hodei Ariztegi eta Unai Apezetxearen laguntzarik gabe ezin izanen nuke egin.
Antolakuntzan egonda gozatzeko aukerarik izan al duzu?
Bai, lagun artean egon nintzen eta giroaz gozatu nuen. Gainera, 000 kotxea izan nintzen.
Nolako balorazioa egin duzue?
Aitzineko urtean baino parte-hartzaile guttiago izan gara. Dena dela, balorazioa arront positiboa izan da. Azken batean, jakin badakigu mundu honetan ibiltzea ez dela merkea eta karrera urte bukaeran izateak ez duela laguntzen. Jendeak ahalegin handia egin zuen, eta hori eskertzekoa da.
Hurrengo lasterketarik baduzu buruan?
Bai, Hondarribin abenduaren 15ean, larunbatean, egitekoa duten I. Bidasoa Rally Klasikoa.
Baduzu hutsik egin gabe joan beharreko lasterketaren bat?
Hazparnen egiten dena, hemengoekin ikusita bertze mundu bat da, han aunitzez gehiago bizi baitute rallya. Dena dela, Pays Basque eta Gernika rallyetan ere gustura ibiliko nintzateke.
Zerk egiten zaitu zoriontsu?
Nire alabak. Nahiz eta ttikia izan, kotxeen mundua gustatzen zaiola dirudi. Zaletasuna berez ekarri behar da, ez da animatuta sortzen.
Amets bat?
Guk antolatzen dugun Malerrekako Rallysprinta estatuko rallyetarako puntuagarria izatea.