Nafarroaren Egunaren harira musika kontzertuak izanen dira herriz herri

Ttipi-Ttapa 2018ko azaroaren 30a

Mendi abesbatzak Sunbillan abestuko du eta Eguberrietako kontzertua ere prestatzen ari da.

Mendi abesbatza Sunbillan, Elizondoko musika banda Elizondon, Iruñeko ahots baxuen abesbatza Beran eta San Francisco de Asis abesbatza Lesakan ariko dira kantari 

Ohitura betez, Nafarroako Gobernuak abesbatzen kontzertuak antolatu ditu herriz herri abenduaren 3an, Nafarroako Egunaren harira. Eskualdean ere hainbat emanaldi izanen dira.

 

Mendi abesbatza Sunbillan

Mendi abesbatzak Sunbillako Elizan abestuko du astelehenean 13:00etani Emanaldi honetarako Nafarroarekin zein euskararekin zerikusi berezia duten kantak aukeratu dituzte, izan ere, egun berean ospatzen baitira Nafarroaren Eguna eta Euskararen Nazioarteko Eguna. Tartean izanen dira egile nafarren lanak edota nafarroako doinuen gainean sorturiko obrak; Lorenzo Ondarraren Herri Behera, Elizondon jasotako melodiaren gainean Xabier Sarasolak sorturiko Neskatx' Ederra obra edota Aita Donostiaren Hiru Txito. Eta baita euskal munduan ezagunen ditugun hainbat doinu; Baratze bat eta Xalbadorren Heriotzean erraterako. Kontzertua Nafarroako Ereserkiarekin hasiko da.

 

Elizondo, Bera, Lesaka…

Elizondoko musika bandak astelehenean 13:00etan eskainiko du kontzertua Arizkunenea Kultur Etxean; Lesakako elizan Iruñeko San Francisco de Asis koralak eskainiko du emanaldia 12:00etan eta Berako San Esteban elizan, Iruñeko ahots baxuen abesbatza ariko da kantari.

 

Mendi abesbatza Eguberrietakoa prestatzen

Eguberrietako Kontzertu Berezia ere antolatzen ari dira Mendi abesbatzako kideak. Hilaren 14an izanen da Doneztebeko Elizan 20:000tan eta ez da nolanahiko urtea izanen, Donostiako Udalaren Txistulari Taldea etorri zenetik 10. urteurrena ospatuko baitute. Horretarako Eguberri giroko zein bertzelako melodia kuttunak tentuz aukeratu dituzte, eta noski, Mendi Ttiki Abesbatzaren zein Agorreta Musika Eskolako ikasleen laguntza izanen  dute. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun