36 proiektu aurkeztu dira Cederna Garalur Elkarteak 2014-2020 aldirako deitutako Landa Garapeneko Programaren hirugarren deialdira

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 23a, 12:03
Iratiko trenbideari buruzko erakusketa, aitzineko deialdian diruz lagundutako proiektuetako bat.

Hamar proiektu ekoizpenekoak dira eta 26 proiektu ez-ekoizpenekoak eta eskatutako diru-laguntza, guztira, ia 1,4 milioi eurokoa da

Landa-garapeneko proiektuetarako diru-laguntzen deialdia itxi zen azaroaren 19an. Deialdia "Cederna Garalur 2014-2020" Toki Garapeneko Estrategia Parte-hartzaileak (TGEP) finantzatzen du. Deialdira 36 proiektu aurkeztu dira; horietatik 10 Nafarroako Mendialdeko enpresen ekimenak dira, eta 26 tokiko beste erakunde batzuek sustatu dituzte.

 

Eskatutako diru-laguntza, guztira, 1.365.340 eurokoa da. Eskatutako diru-kopuruak, azken deialdiarekin alderatuta, % 9 egin du goiti; hau da, 37.926,14 euro gehiago. 

Eskaerak aurkezteko fasea bukatuta, datozen hilabeteotan Cederna Garalur Elkartearen organo erabakitzaileak onartutako proiektuen behin betiko zerrenda (balorazioa eta balidazioa gainditu dituztenena) eta eskatutako diru-laguntza onartuko ditu. Aitzinetik, deialdian argitara emandako irizpideen arabera, proiektuak barematu beharko dira; izan ere, eskatutako laguntza globala deialdiko aurrekontua baino zertxobait altuagoa da: 1.082.000 euro. Laguntzak, lehentasun-irizpidearen arabera, baremazio-fasean puntu gehien lortuko dituzten proiektuei emanen zaizkie, aurrekontua bukatu arte. 

'Cederna Garalur 2014-2020' TGEPk Nafarroako Gobernuaren eta Europar Batasunaren baterako finantziazioa du, 'LGENF' landa-garapeneko funtsen bitartez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun