Izen-ematea azaroaren 16a arte
Ekitaldi irekia izanen da eta nahi duen orok parte hartu ahal izanen du. Dena dela, aitzinetik izena eman beharko da. Eskualdean Berako liburutegian eta Leitzakoan eman daiteke izena. Bortz euro ordaindu beharko dira eta bazkaltzera gelditu nahi dutenek 20. Ordainketa liburutegian bertan egin dezakete.
Egitaraua
09:30ean eginen den harrerarekin abiatuko dute eguna. 09:45ean ongietorria eginen zaie. Anabel Arraiza ariko da aurkezle lanetan eta ordezkari instituzionala Dori Lopez Jurio (Kultura eta Principe de Viana Institutuko zuzendaria) izanen da. 10:00etan mahai ingurua eginen dute, nafar idazleekin Irakurraldian bilduko dira: Ipar Alkain, Leire Alonso, Inma Errea, Izaskun Etxeberria, Jose Angel Irigaray eta Fertxu Izquierdo. 12:00etan kafea hartuko dute eta 12:30ean bertso literatur saioan bilduko dira (gai jartzailea: Mikel Taberna eta bertsolariak: Xabier Terreros eta Sarai Robles). 14:00etan itxiera emanen diete eta nahi dutenek Askartza Jatetxean bazkaldu ahalko dute (San Lorenzo karrika, 39, 31001 Iruñeko Alde Zaharra)
Kafe tartean, 2-3 minututako irakurleen irakurketa motzekin grabaketak egiten arituko dira LABRIT Multimediako langile batzuk. Ondoren, goizean zehar jasotako beste grabaketekin muntaia prestatuko dute, booktrailermoduan.
Guztira 23 irakurle talde daude Nafarroan eta gutti goiti-beheiti 175 kidek parte hartzen dute. Gehienak liburutegi publikoetan sartuak daude eta beste batziuk liburu dendek edo kultur elkarteek bultzatuak dira.