Kontseilariak beharrezkotzat jo zuen kanpaina hau abian jartzea neguaren etorreraren harira, izan ere, “etxebizitzetan gertatzen diren suteen artean, ia lautik bat tximiniek eragindakoa da; % 24,2 zehazkiago esanda, eta honek urtean Nafarroako Suhiltzaileen ehun esku-hartze baino gehiago eragin ditu azken urteotan”.
Horren kariaz, hainbat kontseilu biltzen dituen dekalogoa osatu da sute horiek eragiten dituzten hiru kausa nagusien inguruan: eraikuntzaren isolamendu kaskarra edo tximinien erreforma, kreosotaren metaketa tximinioetako tiroetan, eta erabilera okerra.
Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendari Javier Bayonak, gomendioak aintzakotzat hartzeak duen garrantzia ere nabarmendu zuen, betiere erosotasunari eutsiz segurtasuna bermatzeko helburuarekin, “Ez jolastu suarekin, gozatu harekin” lemari jarraiki.
Kanpainak 50.000 euroko aurrekontua du. Kartelak eta liburuxkak diseinatu dira Nafarroan argitaratu edo Nafarroarako edizioa duten komunikabide idatzietan txertatuta banatzeko asmoz. Horrez gain, iragarkiak zabalduko dira tokiko aldizkarietan eta irratietan, bideo bat prestatu da sare sozialen bitartez zabaltzeko eta webgune elebiduna ireki da (www.tximiniak.nafarroa.eus euskarazko bertsioan eta www.chimeneas.navarra.es gaztelaniazko bertsioan).
Eraikuntza edo erreforma, profesionalekin
Lehenik eta behin, tximiniak eraiki edo erreformatzerakoan, profesionalak kontratatzea gomendatzen da, izan ere, kea ateratzeko tiroak kanpoaldera ateratzeko egiten duen goranzko norabidean solairuak eta estalkiak zeharkatzen ditu, eta horiek guztiak berotik behar bezala isolatuta daudela eta kalitate-estandarrak betetzen dituztela egiaztatu behar da.
Zurak su hartzen duenean, aerosolak isurtzen ditu eta tximiniaren hodiaren paretetan edo tiroan geratzen dira. Pilatzen direnean, kreosota deritzon zarakar mundruntsua sortzen dute. Zarakarra lodiera jakin batera iristen bada, goritu daiteke eta su har dezake. Kreosota maila altua duen tximinia oso arriskutsua da eta litekeena da etxebizitzaren egituran sute-sorgune bat eragitea. Izan ere, horixe da horrelako suteen arrazoi nagusia.
Kedarrak aldizka garbitzea
Hori saihesteko, Nafarroako Gobernuak tximiniako kedarrak urtero garbitzea gomendatu du egunero erabiliz gero, edota gutxienez bizpahiru urtetik behin, maiztasun txikiagoarekin erabiltzen bada; adibidez, bigarren etxebizitzen kasuan. Garbiketa lanak profesional batek egin behar ditu, bereziki kontuan harturik altueran egin beharreko lanak direla.
Azken gomendioak erabilera egokiari lotutakoak dira; hala nola, egurraren gainkarga saihestea edo haritza, artea eta pagoa gisako egur lehor eta gogorrak erabiltzea, pinua eta makala bezalako egur bigunek baino bero gehiago eta kreosota gutxiago sorrarazten baitute.
Segurtasun eremua sortu behar da, sutik bi metro baino gutxiagora material erregaiak jarri gabe, eta ahal dela, atedun tximiniak erabili behar dira, txinparten edo ilaunen jauziak galerazteko. Era berean, garrantzitsua da gela une oro aireztatuta egotea eta lotara joan edo bigarren etxetik irten aurretik sua erabat itzalita dagoela egiaztatzea.
Gainera, su-detektagailu bat kokapen egokian instalatzea prebentzio neurri bikaina da sute baten hasiera garaiz antzemateko.
Azkenik, Nafarroako Gobernuak gogoratu du, neurri guztiak hartuta ere, kea edo sua ikusten baldin bada, berehala 112 telefonora deitu behar dela. Deitu ondoren, tximinia itzali behar da, eta deia egin duena ausartzen bada, sua itzaltzen ahalegindu behar du suhiltzaileak datozen bitartean, baina betiere arriskurik hartu gabe.