Hain zuzen, Juaneneak aitzinetik egindako kanporaketan lortu zuen txapelketan sartzea. Gorka Urtasun iruritarrak eta Aritz Zubiri goizuetarrak ez zuten lortu, baina ordezkoak izanen dira, Segurola eta Agirrezabala bezalaxe. Aspaldiko partez, erremontea utzi duen Koteto Ezkurra ez da ariko, eta izanen dira berrikuntza gehiago ere. Erraterako, puntuazio sisteman, ligaxkako partidetako irabazleek 4 punto eskuratuko dituzte eta galtzaileek, lortu duten tanto kopuruaren arabera 2 punto (36 eta 39 tanto artean egiten badituzte), puntu bat (32 eta 35 tanto artean eginez gero) eta 0 punto (32 tanto baino guttiago eginez gero). Aurtengo berrikuntza hau izanen da: 26 tantora ailegatzen ez den bikoteari punto bat kenduko zaio.
Azaroaren 8an hasi eta abenduaren 8an akituko den ligaxka denek denen kontra jokatuko dute eta lau lehenbizikoek lortuko dute finalerdietarako txartela. Finalerdiak abenduaren 15ean eta 22an jokatuko dituzte ligaxkan lehenbiziko gelditu direnek laugarrenen kontra eta bigarrenek hirugarrenen kontra. Irabazleek finala jokatuko dute abenduaren 29an.
Txapelketa hasteko, azaroaren 8an, Xanti Uterga eta Azpiroz, Aritz Juanenea eta Endika Urrutia saldiastarraren kontra ariko dira Galarretan.