Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoko establezimenduak beteak egon dira Domisainduko asteburuan

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 6a, 08:28
Eskualdeko landetxeak gainezka egon dira azaro hasiera honetan. Argazkian, Arizkungo Landaberroa.

%95eko okupazioa izan dute, estatu osoko banaz bertzekorik onena izan duen Nafarroako daturik onenetakoa 

Azken urtetako joerari eutsita, Baztan-Bidasoa Turismoa Elkargoko landetxe, kanping, hotel eta establezimenduak orohar beteta egon dira Domisainduko asteburuan, %95eko okupazioarekin. Datu hau lagungarri da, dudarik gabe, Nafarroa landa turismoko okupazio datuetan lider izateko. 

Datuak datu, % 85,29koa izanda Nafarroako landa turismoko okupazio tasa Domisainduko zubi honetan; Espainiar estatuko banaz bertzekoa %51,31koa den bitartean. Bigarren postuan Errioxa dago (%68,71) eta hirugarrenean Katalunia (%61,26). Okupazio ttikiena dutenak Murtzia (%36,83), Galizia (%35,3) eta Asturias (%32,67) izan dira.

 

Jatorria eta helburua

Bisitari gehienak Bartzelona, Madrid eta Valentziatik etorri dira, baita hurbileko erkidegoetatik ere (EAE, Errioxa, Aragoi).

Familian datozen bisitariak izan dira gehienak, baina badago bikotearekin edo lagunekin heldu denik ere, eta gehienek lasaitasuna bilatzen dute.

Alojamendua aurkitu ez baina gertutik “egun pasa” etorri denik ere egon da eta zentzu honetan lagungarri izan da Belateko Tunelak berriz ere zabaldu izana.

 

Udazkena, esperientziak eta gastronomia, erakargarri nagusiak

Baztan-Bidasoko erakargarri nagusietako bat paisaia dugu eta honek edertasun handiagoa izaten du udazkenean, basoak eta zuhaitzak gorri eta urre kolorez janzten direnean. Baina paisaia esperientzia ugarirekin osatzeko aukera du bisitariak. Bertzeak bertze, XXVI. Ehiza Jardunaldi Gastronomikoak martxan dira azaroa bukaera bitarte eskualdeko bederatzi jatetxetan. Aurten, ostatuek ere bat egin dute ekimenarekin eta “Ehiza pintxoak” eskaintzen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun