648 langabe ditu eskualdeak azaro hasieran

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 6a, 06:37

Irail hondarrean baino 40 guttiago dira, Nafarroako jautsierarik handiena izan du Doneztebeko bulegoak

Beheiti egin du langabeziak eskualdean urrian. Nafarroan osoan berdintsu mantendu da langabetu kopurua (irailean baino 63 gehiago dira, %0,19ko igoera). Gure eskualdean, aldiz, %5,81 jautsi da, Nafarroa osoko bulegoetatik jautsierarik handiena izan du Doneztebekoak, irail hondarreko 688tik 648ra pasatuz. 40 langabe guttiago beraz. Urrian 1.084 kontratu egin dira Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez, baina horietatik 73 baino ez dira izan mugagabeak izan.

Adinari eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizonezkoen artean 260 lagun daude langabezian, irailean baino 9 guttiago. Adin tarte horretako emakumeen artean ere irailean baino 34 guttiago daude langabezian, 334. 25 urtez beheitikoen artean, urri hondarrean 25 emakumezko zeuden langabezian, irailean baino bortz gehiago. Gizonezkoen kasuan, adin horretako 29 zeuden lanik gabe, irailean baino bi guttiago.

Zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten, baina arlo honetan sumatu dute jautsiera handiena urrian, 491 langabetuetatik 460ra pasatuz, 31 guttiago. Industria ere irailean baino lau langabetu guttiago daude, 110 denera. Eraikuntzan irailean baino bi langabetu guttiago daude, 32 eta nekazaritzan, aldiz, bat gehiago, 19 denera. Aitzinetik lanik egin ez dutenen artean, 27 lagun daude langabezian, irailean baino lau guttiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun