Ipar isurialdeko ibaietan bisoi amerikarra errotik kentzeko kanpaina hasi da

Ttipi-Ttapa 2018ko urr. 30a, 07:21
Bisoiak errotik kentzeko paratutako plataforma bat, gure inguruan ibai batean.

Ur gaineko plataformak jarri dira gure inguruko ibai eta erreketan, Europan desagertzeko zorian dagoen bisoi europarraren harrapakaria harrapatzeko

Nafarroako Gobernuko Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Zuzendari Nagusiak 2018-2019 kanpainari hasiera eman dio  Nafarroako isurialde atlantikoko ibaietan bisoi amerikarra errotik kentzeko. Aurreko kanpainetan bezala, Bidasoa, Baztan, Ezkurra eta Ezpelura, Araxes, Leitzaran, Urumea, Aritzakun, Urrizate, Orabidea-Ugarana eta Luzaide ibilguetan ur plataformak jarri dira irailaren erdialdean eta urriaren hasieran, eta funtzionamenduan egonen dira martxoaren bukaerara arte.  Nafarroako Ingurumen Kudeaketaren (GAN-NIK) sozietate publikoak koordinatu eta LIFE IREKIBAI eta H20gurea europar proiektuek LIFE IREKIBAIH20gurea finantzatzen dituzte ekintza horiek. 

 

Une honetan, Frantzian larru-etxaldeetatik ustekabean ihes egindako bisoi amerikarraren basa-populazioak dira zona honetan europar bisoia mantentzeko mehatxurik handiena.

Europan gehien mehatxatuta dagoen haragijalea da europar bisoia, “Egoera kritikoan” katalogatua Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan Catálogo Español de Especies Amenazadas. Iberiar populazioak 500 ale ditu apenas, eta espeziearen azken gotorlekuetako bat da. Kontinentearen erdialdean eta ekialdean bisoi amerikarraren portaera oldarkorraren ondorioz desagertu da jada, ibaien kolonizazioan bisoi europarrari eraso egiten baitio bere lurraldetik botatzeko. Nafarroako isurialde atlantikoko ibaietan eta ubideetan ere gero eta guttiago dago.

 

Ur gaineko plataformak ibaietan

Eskozian (Erresuma Batua) aurrera eraman diren proiektuetan garatu eta hobeturiko metodologia bat erabiltzen da bisoi amerikarra detektatu, eta espezie inbaditzaile hori kontrolatu eta errotik kentzeko. Alegia, ibaietan ur gaineko plataformak jartzen dira, kilometro bateko tartea utziz batetik bertzera. Horietan bisoiak detektatu egiten dira lehenbizi, eta, harrapatu gero.

Bisoi amerikarra ohituta dago zuloetan sartuta ehizan egitera, beraz, zulo itxurako plataforma horiek ikusten dituenean, pentsatzen du barruan jana topatuko duela. Animaliak oinatzak uzten ditu plataforman jarritako harea-tokian, eta horrek langile teknikoak ohartarazten ditu harrapakinaren bila ibili dela han inguruan. Egun batzuk beranduago, bisoien sarrera eta irteera erregularra erregistratu eta gero, teknikariek aztarna-tokian tranpa bat jartzen dute.

2017ko irailean, 150 plataforma inguru jarri ziren ibai horietan. Martxora arte egon ziren funtzionamenduan, eta teknikariek hamar egunean behin berrikusi zituzten. Azterketa horietan oinatzak detektatu zituzten 22 plataformetan, eta tranpak jarri ostean, lau bisoi amerikar harrapatu zituzten, hiru Aritzakun-Urrizaten eta bestea Ugarana-Orabidean.

 

LIFE IREKIBAI eta H20gurea europar proiektuak

LIFE IREKIBAI  proiektuak bazkideak ditu Euskadin (Gipuzkoako Foru Aldundia, URA eta HAZI Fundazioa) eta Nafarroan (Nafarroako Gobernua GAN-NIK bitartez), beren gaitasunak eta eskumenak bat egiten ari direnak, Bidasoa eta Leitzaran ibai-arroetako Natura 2000 Sareko eremuetan interes komunitarioko espezieak eta habitatak mantentzen direla bermatzeko. LIFE ingurumenerako tresna finantzario europarrak finantzatzen du proiektua (LIFE14 NAT/ES/186 IREKIBAI).

Mugaz gaindiko H2Ogurea proiektuak H2Ogurea (EFA062/15), Bidasoa, Nivelle eta Urumea mugaz gaindiko ibaiak era koordinatuan kudeatzea xede duenak, bazkideak ditu Euskadin (Gipuzkoako Foru Aldundia, URA, Txingudiko Mankomunitatea), Euskal Hirigune Elkargoan, eta Nafarroan (Urdazubiko Udala eta Nafarroako Gobernua GAN-NIK bitartez). Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (FEDER)  Espainia- Frantzia- Andorra Lurralde Lankidetzarako Programa Eragilearen (POCTEFA 2014-2020) bitartez finantzatutako proiektua da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun