Euskal kazetaritzaren hamar mugarrietako bat izendatu dute TTIPI-TTAPA

Ttipi-Ttapa 2018ko urr. 29a, 09:50

Ttipi-Ttapa Fundazioko, erredakzioko eta berriemaileen ordezkaritza urriaren 26an Andoainen. Argazkia: goiena.eus

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren epaimahaiarentzat «tokiko komunikazioaren aitzindaria» da eta «bertze aldizkarien bide-erakusle espanturik gabea».

Euskal kazetaritzako hamar mugarrietako bat da TTIPI-TTAPA, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren epaimahaiarentzat. Urriaren 26an, sari hauen 30 urteurrena dela eta ekitaldi berezia antolatu zuten Andoainen, ’30 urte, 10 mugarri’ izenburupean. TTIPI-TTAPArekin batera, Anaitasuna, Zeruko Argiatik Argiara, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, EITB, Elhuyar aldizkaria, Euskaldunon Egunkaria —eta haren jarraitzaile Berria—, Euskal Irratiak, Eibar.org eta Goiena dira euskal kazetaritzaren mugarriak. 

Rikardo Arregiz (1969) gero mugarri izan diren hamar ekimen identifikatu ditu Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren epaimahaiak; horien artean dago TTIPI-TTAPA. Alea aldizkariko zuzendari Aritz Martinez de Lunak eman zion saria Aitor Arotzenari, TTIPI-TTAPAko zuzendariari. Epaimahaiak aipatu duenez, «inon da-eta, tokiko hedabideetan garatu da, 1969tik hona, euskarazko komunikazioa. Irakurle kopuruaren aldetik, hiri, herri, ibar eta eskualde mailako aldizkariak gailentzen dira gaur egun euskal prentsan, konstelazio anitza eta ugaria osaturik maiztasunaz, zabalkundeaz, eta sendotasunaz den bezainbatean. Horien gehienen bateragune den Tokikom mapari begiratu baizik ez zaio egin behar fenomenoaren norainokoaz ohartzeko».

Baina epaimahaiak nabarmendu nahi izan du jadanik sendoturik ematen duen errealitate horren aitzindaria izan zela TTIPI-TTAPA: «1982an sortu zen Beran, gaur egun indartsuago ageri diren bertze aldizkari batzuk baino hainbat urte lehenago. Sarri zabaldu zen Bortzirietako gainerako lau herritara. Handik, ezari-ezarian, zainak hedatu zituen Nafarroako mendialdeko bertze ibarretan barna: Malerreka, Bertizarana, Baztan, Leitzaldea… are eta, mugak hautsirik, Sara eta Senpere herri lapurtarretaraino».

Epaimahaiaren erranetan, «bere bizi luzean goiti-beheitiak izan baditu ere, hamaboskari gisa finkaturik dago gaur egun. Bere gogo berritzailea hasieratik jarri du agerian. 1994an kolorea sartu zuen bere aleetan eta 1996an bere edukiak Interneten bidez hedatzen ere euskarazko lehen tokiko aldizkaria izan zen. Herria iparraldeko astekariaren eredutik abiatuta, bere nortasuna garatu du Ttipi-Ttapak, eta Euskal Herriko zoko guztietan sortu diren bertze aldizkarien bide-erakusle espanturik gabea izan da urte hauetan guztietan».

Eskertza

Aitor Arotzena, TTIPI-TTAPAko zuzendariak jaso zuen saria urriaren 26an Andoaingo Bastero Kultur Etxean. TTIPI-TTAPAren ibilbidearen laburpena egin zuen eskertzako solasaldian: «Berez biderik ez dagoela, bidea oinez ibiltzerakoan egiten dela idatzi zuen Antonio Machado poetak eta biderik luzeenak ere, nahitaez, lehenbiziko urratsetik hasi behar duela ikasi genuen. 1981ean, Nafarroan, euskarazko prentsarik existitzen ez zen eremuan, lehen urratsa eman zuen TTIPI-TTAPAk. Lehenbiziko zenbaki hartako azalerako, portadarako, bota pare baten marrazkia oparitu zigun Larramendi margolari beratarrak eta orduz geroztik, bota haiek jantzi eta egin dugu bidea, ttipi-ttapa. Marrazki, olerki eta bertsoetatik, Nafarroako mendialdeko eta Lapurdiko zenbait herritako albiste eta argazkietara, tokiko informazioa ematera, pasatu ginen. Noizbehinka, ahal zenean argia ikustetik hamabostero xuxen-xuxen argitaratzera pasatu zen aldizkaria. Idazmakinatik ordenagailura. Geronek errebelatu eta positibatutako txuribeltzeko argazkietatik, kolorekotara eta gero, digitaletara. Interneten edukiak zintzilikatzen ere hasi ginen 1996an, duela 22 urte, eta hori egiten, euskarazko lehen komunikabidea izan ginen. Rikardo Arregi Saria jaso genuen orduan ere hori aitortuz. Telebistarekin ere saiatu ginen hamaika urtez. Pausoz pauso, urratsez urrats, ttipi-ttapa egin dugu bidea gaur arte, 38 urtez. Milesker herrietako berriemaile eta laguntzaileei, babesa eman diguten erakunde eta komertzioei… beraiek gabe ez zen posible izanen bide malkartsu honetan aitzinera egitea. Eta milesker Andoaingo Udalari eta Eusko Jaurlaritzari etorkizunean ere, ttipi-ttapa, bidea egiten segitzeko lagun izanen dugun makil dotore eta eder hau, Rikardo Arregi sari hau, oparitzeagatik».

Epaimahaia
  • Mahaiburua: Ainara Rodriguez Zalakain.
  • Mahaikideak: Miren Azkarate, Jose Inazio Basterretxea, Allande Boutin, Aingeru Epaltza, Elixabete Larrinaga, Jon Unanue, Arantxa Urretabizkaia, Aitor Zuberogoitia.
  • Idazkaria: Patxi Baztarrika.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun