Gaur hasi da Errigoraren kanpaina

Ttipi-Ttapa 2018ko urr. 25a, 14:50

Azaroaren 14ra arte Nafarroa hegoaldeko produktuez osatutako saskiak eskatzeko aukera izanen da eta bildutakoaren %25a bertako euskalgintzari bideratuko zaio

Eskualdeko hainbat tokitan egin daitezke eskaerak, baita errigora.eus atarian ere

 

Bortz urte bete ditu Errigorak eta hasitako bideak ez du etenik. Are gehiago, urtetik urtera zenbakiak goiti doaz. Udaberriko kanpainaren ondotik, orain, udazkeneko Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainari ekin dio, bortz urte euskarari puzka lelopean. Bertze urte batez, Nafarroa hegoaldeko produktuez osatutako saskiak milaka etxetara eramateko prest dira, bertako euskalgintzari ekarpen-ekonomiko garrantzitsua egiteko.

Eskaerak eskualdean
Eskaerak azaroaren 14a arte egin daitezke, eskuorriak betez ala errigora.eus atarian, eta kutxa zuria eta beltza eskainiko dituzte aukeran, bakoitza 50 euroren truke. Eskualdean ondoko toki hauetan egiten ahal izanen da eskaera: Arantzako Pabloenea ostatuan; Aresoko elkartean eta Sastinean; Arizkungo Dolaetxea ostatuan; Berako Amaleun arraindegian, Botxo ostatuan, Errekalde ostatuan eta Labiaga Ikastolan; Donamariako Iratxo ostatuan; Elizondoko Baztan Ikastolan, BHIn, Kattalingorri-Zangue dendan eta Suinki euskaltegian; Erratzuko Zubi Puntan, Etxalarko Herriko Ostatuan, Herriko Okindegian eta Elutsa ostatuan; Goizuetako Amaia kafetegian eta Herriko Etxean, Igantziko udaletxean, Leitzako Maimur liburu-dendan, Peritza eta Torrea ostatuetan; Lesakako Arrano ostatuan, Izarra okindegian, Mendegia harategian eta Tantirumairu Ikastolan, Sarako Olhain Ikastolan eta Senpereko Zaldubi Ikastolan.

Saskiak azaroaren 29tik abenduaren 4ra banatuko dituzte.


Urtetik urtera indartzen
2012ko udazkenean Zazpiak Bat Harreman Sarearen eskutik eta Nafarroa hegoaldeko bi ekoizleren produktuekin, Tuterako Argia ikastolarentzat  34.000 euro lortu ziren. 2013ko urrian Errigora ekimena aurkeztu eta lehenbiziko kanpaina abiatu zuten AEK, Ikastolen Elkartea eta Sortzenekin batera, Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka lelopean. Erantzuna ona izan zen: 8.000 saski baino gehiago banatu eta 112.000 euro bideratu zituzten euskalgintzara.


Urte berriarekin, kontsumo-ohituretan eragin nahi izan zuten, eta egunerokoan bertako produktuei tokia egiteko asmoz, Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina proposatu zuten. 30.000 litro olio eta 50.000 ontzi kontserba banatu zituzten.


Bildutako dirua zertarako?
Bortz urteotan, 800.000 euroko ekarpena egin zaie Erriberako AEKri, Vianako Erantzun, Lodosako Ibaialde eta Tuterako Argia ikastolei eta Sortzeni. AEKri egindako ekarpenaren zati handi bat matrikula arintzeko izan da:  2013-14 ikasturtetik 2016-17ra %70 hazi da matrikulazioa.


Hiru ikastolei dagokienez, «arnasa lasaiago hartu, beharrezko konponketak egin eta azpiegiturak atondu eta ezinbertzeko materiala lortzeko» bideratu dute diru gehiena.


Sortzenek, berriz, euskaraz bizi eta ikasteko eskubidearen aldeko dinamikak hauspotzeko erabili du dirua. 2015ean, Euskararen Legean egindako aldaketen ondotik, D ereduaren aldeko kanpainak egin izan ditu. Hala, D ereduko taldeak sortu dira Tafallan (50  bat ikasle), Lodosan (17), Kaparroson (16), Allon (8), Antzinen (13) eta Erriberrin (14).


Halere, Errigoraren bultzatzaileentzako, diruaz gain, «euskal herritarrengandik jasotako babesa eta indarra ezinbesteko izan dira gogoa eta adorea biziberritzeko».  Bosgarren urteurrena ziklo berri baten hasiera dela ere adierazi dute. Oraindik urteurren aunitz ospatu nahi dituztelako, «orain arte egindakoa baino askoz gehiago baitugu egiteko eta lortu duguna baino askoz gehiago lortzeko».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun