Nafarroako Gobernuak errentako ehun bat etxebizitza sustatuko ditu landa ingurunean

Ttipi-Ttapa 2018ko urr. 16a, 09:09

Beran Babes Ofizialeko zortzi etxebizitza berri eta Iruritan hamar egiteko lehiaketak abian ditu Nasuvinsak, eta Oronoz-Mugairiko lehengo bidezainen berreskuratzeko lanak ere eginen dituzte

Nafarroako Gobernuak landa inguruneetako etxebizitzak zaharberritzearen aldeko apustua indartu du, Iruñerritik kanpo ere errentako etxebizitzak sustatzeko xedez. Jarduketa honi gehitu behar zaizkio, Errentako Etxebizitza Plana Lizarra, Tutera, Bera, Irurita eta Garraldara hedatzeko Nasuvinsak abian dituen eraikuntza berriko lehiaketak. 

Hartara, zaharberritzeak eta Babes Ofizialeko Etxebizitzen sustapenak kontuan harturik, Nafarroako Gobernuak ehun etxebizitza baino gehiago gaineratuko dizkio landa inguruneko errenta babestuko etxebizitza eskaintzari. Eskariaren nahiz prezioen goitirako bilakaerari aurre egiten lagunduko duen errentako etxebizitzaren eskaintza senezko prezioan areagotzearen aldeko apustu publikoari jarraiki eta eraikinen zaharberritzea hiri-birsorkuntzarako palankatzat erabiltzeko xedeari jarraiki –horiexek baitira Nafarroako Gobernuaren zein Nasuvinsa sozietate publikoaren etxebizitza-politikaren ardatzak–, Eskubide Sozialetako Departamentuak Foru Komunitateko lurralde osora hedatu nahi du filosofia hori.

Horren harira, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak, Etxebizitza Zerbitzuko zuzendari Javier Etayok eta Nasuvinsako zuzendari kudeatzaile José Mª Aierdik Nafarroako dozena bat herritan errentako etxebizitza sustatzen lagunduko duten zenbait eraikin zaharberritzeko lanak iragarri dituzte.

Jarduketa horien artekoak ditugu, foru ondarekoak diren Zangoza, Erronkari eta Oronoz-Mugairiko lehengo bidezainen etxeak berreskuratzeko lanak. Nasuvinsak duela hamar bat egun esleitu zituen lehen bi herrietako zaharberritze lanak, 260.000 euroko guztizko inbertsioa tarteko, eta antzeko esku-hartzea aurreikusia du Oronozko bidezainen etxe batean.

Nasuvinsa bertze 57 Babes Ofizialeko Etxebiztza sustatzen ari da lehiaketa berrien bitartez: 20 Lizarran, 15 Tuteran, 8 Beran, 10 Iruritan eta 4 Garraldan, eta hauen arkitektura proiektuak azaroaren hasieran esleituko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun