Goi mailako adituen topaketa
Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak, Rober Gutiérrezek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak, Garbiñe Mendizabalek, azpimarratu dute aurtengo ekitaldian goi mailako enpresek eta adituek hartuko dutela parte, askotariko errealitate eta ikuspegiekin. "Euskararen erabilera arlo sozioekonomikoan sustatzea helburu nagusi izanik, Enpresareanen bitartez enpresei eta profesionalei proiektuak ezagutzera emateko aukera eskaintzen zaie, solasaldirako, eztabaidatzeko eta elkarlana sustatzeko espazio bat partekatzeko aukera baliatzen dute, profesionala eta euskalduna", adierazi du Gutierrezek.
Gipuzkoako Foru Aldundiko kideek, bere aldetik nabarmendu dute, Hizkuntza Berdintasuneko saila inplikaturik dagoen bezala, Ekonomia Sustapeneko lantaldea ere azokan barneratuta dagoela: "Euskarak pisu eta balio esanguratsua du eta enpresa munduan hizkuntza kudeaketa premiazko elementua da".
Bost ataletan banatuta
Enpresa eta profesionalen topaketa Hernaniko Orona-Ideon egingo da, Gallery aretoan, 08:30ean hasita. Anabel Arraizak gidatuko du eta bost sail nagusi izango ditu.
Lehenengo atalean, ORKESTRAko zuzendari nagusia den Mari Jose Arangurenek eta Talaios Kooperatibako Gorka Juliok hitzaldi bana eskainiko dute honako gaia ardatz hartuta: Ekonomia eta pertsonak. Euskal ekonomiaren eta gizartearen erronkak. Arangurenek lehiakortasunerako eta ongizaterako erronkak xehetuko ditu; Julio, ordea, teknologia eta gizartearen eta lanaren arteko harremanaz arituko da. Ondoren, mahaiaren bueltan izango dira bi horiekin batera Imanol Esnaola (Gaindegiako Koordinatzailea), Sebastian Zurutuza (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kudeaketa Estrategia zuzendari nagusiarekin), Ixaka Egurbide (IMHko zuzendaria) eta Iker Barrena (Hispavista Labseko zuzendari exekutiboa).
Bigarren atalean, eraldaketa digitalean eta lanaren etorkizunean jarriko da fokoa honako galdera erantzuteko: "Eraldaketa digitala, pertsonen eraldaketa?". Horretarako, IKANOS proiektuaren zuzendariak, Ana Isabel Vitóricak, hitzaldia eskainiko du: Eraldaketa digitalaren erronka pertsona eta profesionalengan. Ondoren, BERRIAko kazetaria den Irune Lasak oholtza gainera gonbidatuko ditu ondorengo adituak: Ana Isabel Vitórica (IKANOSeko zuzendaria); Leire Colomo (AMPO-ko Berrikuntza eta garapen teknologikoaren zuzendaria); Santi Agirregoikoa (ELAY-ko Kontseilari ordezkaria); eta Arrate Olaiz (IBARMIAko Berrikuntza zuzendaria).
Hirugarren atalean, lanaren etorkizuneko joeren inguruan sakontzeko, LKS-PROSPEKTIKEReko zuzendari nagusia den eta Millenium Proiektuaren arduraduna den Ibon Zugastik proiektuari buruz hitz egingo du; etorkizuneko lanak eta erronkak irudikatzen lagunduko du horrek. Horretaz jardungo dute hitzaldiaren ondorengo solasaldian ere. Ikuspegiak partekatuko dituzte honako profesional hauekin: Nuria Agirre (Laboral Kutxako Giza Baliabideetako arduraduna), Rikar Lamadrid (Eusko Jaurlaritzako Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria), Mondragon Taldeko Gestio Sozialeko arduradun bat eta Izarne Arrigain (EITBko Giza Baliabideetako zuzendaria).
Azoka itxiko du Iker Galartza aktoreak, Gure zirkua, amestutako etorkizuna izenburupean eskainiko duen aurkezpenarekin.
Arin-arin ekintzaileen lehiaketa
Azokarekin batera Arin-arin saioa egingo dela iragarri da. Parte hartzaileek euren proiektuak 3 minututan azaldu beharko dituzte, motzean, eta ideia irabazleak 2.000 euroko saria jasoko du proiektua garatzeko. Baloratuko da proiektua berritzailea izatea eta garatzeko aukera izatea.
Izen-ematea zabalik
Enpresarean Azokaren inguruko argibideak eta informazio osagarria hemen.
Ekitaldira publiko bezala bertaratzeko, galdetegia bete behar da.
Arin-arin saioetan parte-hartzeko ere galdetegia bete behar da.