Koteto Ezkurrak datorren larunbatean zintzilikatuko du behin betirako erremontea, profesionaletan 28 urte eman ondotik (igandean Zubirin txapeldun izan zirenak, oraindik ez ziren jaioak Kotetok debutatu zuenean). Horregatik, oroigarriak jaso zituen Ana Herrera, Nafarroako Gobernuko Kirola, Kultura eta Gaztedia kontseilariaren eskutik; Miguel Pozueta, Nafarroako Pilota Federazioko presidentearen eskutik eta Alfredo Arruiz, Euskal Jai erremonte fundazioko presidentearen eskutik. Aurreskua ere dantzatu zioten Koteto Ezkurrari eta Agoitz eta Doneztebeko erremonte eskoletako haurrek arkua egin zioten erremonteekin. Paz Ziganda ikastolako helduen abesbatzak ere kantatu zion, bai finalaren aitzinetik, baita ondotik ere.
Bi final batean
Finalari dagokionez, bi zati ezberdin izan zituen. Hasieran partida berdindua joan zen eta gazteek aurre egin zieten faborito argiak ziren Urtasun eta Barrenetxeari. Baina 10-11 zirela, Iruritako aurrelariak min hartu zuen zabalean pilota bat altxatu nahian eta eskuin zurmioa bihurritu zuen. Zalantzak izan zituen segitu ala ez, baina azkenean partidan segitu egin zuen. Halere, une hori aprobetxatu zuten Ansak eta Azpirozek aldea hartzeko (11-19, 12-22). Bazirudien erraz lortuko zutela txapela, baina Barrenetxeak ez zuen azken hitza errana. Hernaniko atzelaria nagusituz joan zen eta aitzinean, Urtasunek ahal zuena egiten zuen. 18-22, 20-27, 25-27 eta tantu bakarrera, 29-30 hurbildu ziren gorriak. Baina gazteek eutsi egin zioten eta azkenean 32-35 irabaztea lortu zuten.