Nafarroako Mendialdeak bat egin du Ondarearen Europako Jardunaldiekin

Ttipi-Ttapa 2018ko ira. 28a, 07:11
Zubietako Ekomuseora ere bisita gidatuak eginen dituzte.

Zubietako Ekomuseora, Urdazubiko Alberdi leizera eta Elizondoko elizara bisitaldiak antolatu dituzte asteburu honetan, bertzeak bertze 

Nafarroako Mendialdeko 31 herrik hainbat jarduera antolatu dituzte irailaren 28, 29 eta 30erako, Ondarearen Europako Jardunaldien barnean. Ekimena Europako Kontseiluak sustatu du, eta Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak antolatu du. Hainbat ekitaldiren artean, Zubietako Ekomuseora ere bisitaldi gidatuak izanen dira.

 

2018an Ondarearen Europako Urtea dela-eta, aurtengo jardunaldien ikurritza "Partekatzearen artea" da. Nafarroako Mendialdean antolatutako proposamenen barnean bisita gidatuak (balio historiko eta artistiko handia duten lekuetara), dantza-ikuskizunak, lantegiak eta hitzaldiak daude. 

Jardunaldiak aukera ezin hobeak dira gure ondarea berreskuratzen adituek egiten duten lana bertatik bertara ezagutzeko: Eslabako Santa Kriz erromatar hiriaren aurriak edo Artaizko horma-irudiak leheneratzeko lanei buruzko ate irekien jardunaldia (proiektu aitzindaria Foru Erkidegoan erabilitako teknikarengatik).

Bertzalde, Eugin eta Orbaitzetan bisita gidatuak antolatuko dira haien arma-oletara (herri horietako eragile ekonomiko eta industriala XVII. eta XVIII. mendeetan). Urdazubira eta Izabara gerturatuko direnek historiaurreko gure arbasoen ondarea ezagutzeko antolatuko diren bisita gidatuez gozatuko dute (Urdazubiko Alkerdi leizeko labar-margoak, edo Erronkari Ibarreko paseo megalitikoak). 

Denboran hurbilago, eta "Pirinioen gotortzea gerra zibilaren ondoren: ondare ilunaren etorkizuneko balioa" izenburupean, Espartza Zaraitzuko Udalak Nafarroako Mendebaldeko Pirinioetan gotorlekua gatibu-lanetan eraiki zuten lan-batailoien memoria erreibindikatuko duen hitzaldia antolatu du; egoera hori Bigarren Mundu Gerrak suposatu zuen testuinguru konplexu batean.

Kontrastean, Donejakue bideak Europako herriak batzen dituen esparru historiko eta kulturala eskaintzen du; hiru egunez, bide horri oturiko Nafarroako Mendialdeko eliza askok ateak irekiko dizkiete herritarrei; besteak beste, Zangozako Santa Maria elizak, Zangozako eta Elizondoko  Santiago elizek, Eloko Natibitate elizak eta Orreagako Santa Maria kolegio-elizak.

Agoitzek eta Petilla de Aragonek herriko historiarekiko hurbilpen bat proposatzen dute. Petilla de Aragoneko ekitaldiak herritarrik ospetsuenaren inguruan izanen dira; Santiago Ramon y Cajal Nobel sariduna. Agoitzek, berriz, zabalik du "Agoizko istorioak" izeneko erakusketa; horren xedea da XX. mendearen bigarren zatian izan zuen eraldaketaren aurreko herriko eguneroko bizimodua berreskuratzea biztanleentzat.

Horiez gain, bertze herri batzuetan atari zabaleko bisitaldiak antolatu dituzte; bertzeak bertze, Abaurregaineko San Migel mendira, edo Zubietako ekomuseora. Eta Esteribarrek EREMUA izeneko Bike eta Trail estazioa aurkeztuko du.

Jarduera guztiak Nafarroako Gobernuko https://jep.fcpatrimoniodenavarra.com/eu/ web-orrialdean daude.

Ondarearen Europako Jardunaldiak Europako Kontseiluak sustatu zituen lehenengoz 1985ean, eta 1999an elkarlanean hasi ziren antolatzen Europar Batasunarekin. Gaur egun, Europan den ekimen kultural parte-hartzailerik garrantzitsuena da. Urtero 20 milioi inguru bisitarik hartzen dute parte.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun