Deialdi berri hau 1,08 milioi eurorekin dago hornituta, eta azaroaren 19ra arte dago zabalik.
Deialdi horretara tokiko erakunde publikoak aurkeztu daitezke, baita erakunde pribatuak ere; besteak beste, enpresak eta kooperatibak, fundazioak eta elkarteak, partzuergoak eta profesionalen erakundeak. Diruz lagun daitekeen ehunekoa proiektuen izaeren araberakoa da: % 30 finantzatuko dira ekoizpenekoak diren proiektuak, zuzeneko mozkin ekonomikoa ekarri edo lanpostu berriak sortzen badituzte; eta % 70 ere, ekoizpenekoak ez diren proiektuak, alegia Nafarroako Mendialdeko zerbitzu publikoak eta biztanleen bizi-kalitatea hobetzea lehenesten dituztenak.
Edonola ere, proiektuek Cederna Garalur 2014-2020 izeneko Toki Garapeneko Estrategian identifikatutako ardatzen bati erantzun behar diote: herritarrak tokian-tokian mantendu eta finkatu; lehen sektorea eta basogintza; natura-baliabideak; zerbitzuak garatu eta ondareari balioa eman; eta enpresak finkatzen eta enplegua sortzen lagundu.
Cederna Garalur Elkarteak proiektuak aurkezteko egiten duen hirugarren deialdia da hau, Elkarteak 2016an Nafarroako Mendialdea 2014-2020 Landa Garapeneko Programa (LPG) martxan paratzeko Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena sinatu zuenetik. Nafarroako Gobernuaren eta Europar Batasunaren Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) baterako finantziazioa dauka. 2016az geroztik, programa horrek 3 milioi eurotik gora inbertitu ditu Nafarroako Mendialdearen garapena sustatzeko 87 proiektutan.