Hizkuntzen Europako Eguna

Ikasturte honetan ere martxan jarriko da Solaslaguna egitasmoa

Ttipi-Ttapa 2018ko ira. 26a, 11:39

Talde ttikietan elkartzen dira euskarazko mintzamena hobetu nahi dutenak txukun hitz egiten dutenekin

Gaur gaurkoz, eskualde guziko ¡a 100 pertsonak hartzen dute parte Solaslagunean, 17 taldetan banaturik. Datuek erakusten dutenez, proiektua aski errotua dago bai Malerrekan, Bortzirietan eta Baztanen ere.

 

Ikasturte honetan ere martxan jarriko da Solaslaguna egitasmoa, euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin nahi duten pertsonak biltzeko doako programa.

Solaslaguna bezalako programetan parte hartzen dutenek euskara maila hobetzeaz gain, gehiagotan erabiltzen dute eta ongi pasatzen dute, saioetan arras gustura egoten direla aipatzen dute. Jarduera osagarriak ere egiten dituzte, hala nola eskualdeko gainontzeko solaslagun taldeekin irteerak, afariak, kirol ekintzak, Mintza Eguna…

Malerrekako, Bortzirietako eta Baztango Solaslaguna  2007an sortu zen. Solaslaguna programan euskarazko mintzamena hobetu nahi duten hiztunak (bidelariak), txukun hitz egiten dutenekin (bidelagunak) elkartzen dira talde ttikietan, astean behin eta guttienez ordu betez. Gaur gaurkoz, eskualde guziko ¡a 100 pertsonak hartzen dute parte Solaslagunean, 17 taldetan banaturik. Datuek erakusten dutenez, proiektua aski errotua dago bai Malerrekan, Bortzirietan eta Baztanen ere.


Solaslagunaren aldaerak

Guraso taldeen mintzapraktika saioak, Hitanolaguna (hiketan solasteko lagunak) edo Euskalkide (Berako eta Elizondoko zahar etxeetan bizi diren adinekoak eta interesatuak elkarrekin solasean jarri ditu, tokian tokiko solasmolde jatorrak ikasteko eta horretan aritzeko espazioak sortuz) ere bultzatzen dira Solaslagunaren bitartez. Solaspoteoa antolatzeko ohiturarekin ere segitzen dute. 2009an Elizondon egin zuten lehenbiziko urtez, bailaraz bailara txandakatuz doaz urtetik urtera, eta aurten berriz ere Elizondon eginen dute. 

Urtean lauzpabortz saio osagarri ere egiten dituzte, eskualde osoan parte hartzen duten solaslagunendako eta herritarrendako irekiak daude. Mintzapraktiketan parte hartzen duen jendea euskaraz ezagutzeko aukera ematen du. Parte hartzeko baldintza bakarra, euskaraz egitea da. Sagardotegia, mendia eta Mintza Eguna izaten dira irteera arrakastatsuenak.

Izen-emateko epea urriaren 1ean irekiko da. Informazio gehiago Solaslagunaren Txokoan (solaslaguna@topagunea.org, 610 920673 telefonoan), Bortziriak, Malerreka eta Baztango euskaltegietan, baita Bortzirietako Euskara Mankomunitatean eta Malerrekako Mankomunitateko eta Baztango Udaleko Euskara Zerbitzuetan ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun