«Nire semeek Eratsun ez ahaztea gustatuko litzaidake»

Erabiltzailearen aurpegia Ttipi-Ttapa

Ana Mariezkurrena, Eratsungo emakumezkoa

Aurkeztu zure burua...
36 urteko neska, ezkondua, bi semeren ama, langilea, noizbehinka nahiko burugogorra eta ingurukoak zaintzea gustuko duena.


Zer zaletasun dituzu?
Motorraren mundua eta bidaiatzea gustatzen zait.


Asteburua ailegatu orduko Sarrigurenetik sorterrira...
Herria herria da. Herrian ditut gurasoak, lagunak; lasaitasuna eta bakea...   


Bularreko minbiziaren ikerketarako paella-jatea antolatzen aritu zinen...
Mirianen (gaixorik dagoena) ahizparen laguna naiz eta banekien momentu txarrean zegoela.., Nolabait lagundu nahi nion. Elizondora etortzekoa zenez, paella jatea antolatzea bururatu zitzaidan. Herriko Whatsapp taldearen bidez zabaldu nuen kasua eta jendeak laguntza eskaini zidan...


Zenbat lagun bildu zineten?
Hasieran 20 lagun zeudela ikusita kezka sortu zitzaidan, baina bat-batean jendea izena ematen hasi zen. Zenbatzen hasi eta gutxi goiti-beheiti 100 herritar bildu ginen. Herri txiki bat izateko, eskertzekoa da! Hor ikusi nuen eratsundarren konpromisoa eta borondatea, 1.200 euro inguru lortu genituen.


Laster herriko pestak dituzue... nola bizi dituzu?
Gogo handiz, bereziak dira niretzat. Herrian eta hirian bizi garenak elkartzeko urteko asteburu bakarra da... Pilota partidak, bazkariak, afariak, haur jokoak, musika... giro ederra sortzen dugu.


Zertan aldatu dira herriko pestak?
Gure artean lehiaketak sortu ditugu, paella eta tortilla lehiaketa, esaterako.


Eta pestak bizitzeko modua?
Semeak izan ditudanetik etxera lehenago joan behar izaten dut.


Eratsungo txokorik politena?
Mendietan paraje ederrak ditu baina niri herriko plaza gustatzen zait, herrian sartu eta plazan jendea ikusteak poz izugarria ematen dit.


Zerk egiten zaitu zoriontsu?
Ostiralak. Eratsunera joatean nire semeak hain pozik ikustea ederra da.


Amets bat?
Nire semeak haunditzen direnean, Eratsunen lagun kuadrilla izatea eta Eratsun ez ahaztea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun