Erakusketako ateak irailaren 10ean ireki dituzte eta hilaren 16ra, hurrengo astelenera, bitarte, bisitatu ahal izanen da. Astelehenetik larunbatera 18:00etatik 21:00etara eta igandean 11:30etik 13:30era.
Antolatzaileek adierazi dutenez, erakusketa horren helburua «Burdinaren Martxa egitearen arrazoiak argitzea» da. Horrekin batera, «giza ikuspegitik izan zituen ondorioak, pasatu ginen herri eta hirietan erakutsi ziguten elkartasunarena, eta bertako jendearekin bizitutako istorio eta pasadizoak» gogoratuko dituzte.
«Helburua ez da, beraz, Burdinaren Martxaren ondorioei buruz aritzea», izan ere, hainbertze urteren ondotik erabat subjektiboa izan daiteke: «Garai eta borroka bakoitzak du bere testuingurua, baina argi duguna da, bai garai hartan zein orain harremanak aldatzeko eta etorkizun hobea lortzeko borroka beharrezkoa dela. Martxak jarraitu egin behar du» gaineratu dute.