2018/2019 ikasturtean Bortzirietan eta Malerrekan erroldatuta dauden biztanleek euskara ikasi edota hobetzeko aukera izanen dute, doan. Ikasleen aprobetxamendu egokia ziurtatuz gero, bi entitateek matrikularen %100a ordainduko dute. Egitasmo horrekin, herritarrak euskara ikastera edo euskara hobetzera animatu nahi dituzte.
Bortzirietako eta Malerrekako Mankomunitateek adierazi dutenez, «Bortzirietan eta Malerrekan erroldatuta dauden biztanleek bertako hizkuntza jakiteko eskubidea dute». Horrela bada, «eskubidea bermatzeko erabakia» hartu dute, «baliabideak eskainiz».
Bai Malerrekan, bai eta Bortzirietan ere, euskaraz jakin badakiten eta egunerokoan erabiltzen duten biztanleak «asko» dira. Aitzitik, ezagutza ez da unibertsala: «%20ak ez du ongi menperatzen». Erakundeek «pertsona askok euskaraz hitz egiten edo behintzat ulertzen ikas dezaketela» uste dute.
Bortzirietako Euskaltegian edo Malerrekako Euskaltegian eskainiko den ikastaroan irailaren 28ra arte eman daiteke izena, eta diru-laguntzei buruzko informazioa Euskara Mankomunitateetan eskuratu ahal izanen da. Deialdiari buruzko informazio zehatza mankomunitateetako webgunean dago ikusgai.