Legea Francoren denborakoa da, 1946koa, eta honek aitzinetik erregistratu gabeko ondasun higiezin baten jabe egiteko aukera eman zion Elizari, gurtzarako lekuak izan ezik. Baina Espainiako Gobernuak 1998an aldatu egin zuen hori. Jose Maria Aznar presidente zela, dekretu batekin eliza, ermitak eta horrelakoak ere inmatrikulatzeko aukera jarri zuen. 2007an kasualitatez jakin zen Eliza inoren izenean ez zeuden ondasunak bere izenean erregistratzen ari zela, eta orduan sortu zen Nafarroako Ondarearen Aldeko Plataforma, ondasunak herriarenak direla defendatzeko. Udalen aldetik ere mugimendua sortu zen eta Nafarroako Ondarearen Aldeko Udalen Batzordea lanean hasi zen.
Espainiako Gobernuak zerrenda publiko egin ez badu ere, plataformaren arabera, 1997tik 2007ra 80 ondasun inmatrikulatu ditu Artzapezpikutzak eskualdean.