12 urterekin taldeko abeslari
Zabaletak Aralar Musika Eskolan eman zituen musikagintzako lehenbiziko urratsak: «zazpi-zortzi urterekin, solfeoa ikasten hasi nintzen eta handik gutxira pianoarekin». Gerora gitarra ere ikasi zuen eta gazterik hasi zen musika taldean. Duela hamar urte, «Musika Eskolak antolaturiko herriarteko kontzertu batean» ezagutu zituen lagun batzuekin, Gabezin taldea sortu zuen eta hortxe segitzen du. Erromeria talde horretako abeslaria da eta «euskal zein atzerriko taldeen bertsioak jotzen ditugu, hainbat estilotakoak».
Trikitixa eta pandereta utzi gabe
Inork ez du zalantzan jarriko etxalartarrarenak trikitixa eta pandereta direla erranez gero. «Sei urterekin pandereta ikasten hasi nintzen herrian» eta «urtebete beranduago trikitixa ikasten Lesakan». Lehengusinari begira «inbidia» sentituta hasi zen eta geroztik «ez ditut bi musika-tresnak utzi». 14 urte bete arte solfeo ikasketak ere egin zituen, eta «15 urte nituela», Dantzadi taldean hasi zen. Zazpi urtez aritu zen taldean, eta aldi berean, oraindik segitzen duen «Elizagoien Ahizpak» taldean ere bai. Ahizparekin bikotea osatuz ibiltzen da gaur egun, «erromeria estiloko musika egiten dugu eta asteburuetan herriz herri ibiltzen gara». Formatu «ttikia» direla dio, «bere alde on eta txarrekin. Badira taldea nahi duten herriak, trikitilari bikotea guttixko ikusten dutenak. Gipuzkoa aldean, berriz, aunitz ibiltzen gara. Taldea eramatea baino nahiago dute trikitilari bikote batekin besta egin».
Akordeoiarekin han eta hemen
Elizondoarra ere «ttiki-ttikitatik» dabil musikaren munduan: «familian euskal musikarekiko afizio handia dago eta horrek niregan eragina izan du». Sei urte zituela solfeoa ikasten hasi zen Baztango Musika Eskolan eta zazpirekin akordeoia ikasten. Ikasketa horiek gehiago segitzeko bide eman diote: «oraindik ere akordeoia jotzen dut eta duela urte batzuk teklatuarekin hasi nintzen». Hauspolariek taldean dabil eskualdean barna: «duela bortz urte hasi ginen eta bertze horrenbertze jarraitzea espero dugu». Izaskun Iparragirrerekin osatzen du Hauspolariek, «herri giroko taldea da, herriko bestak, ezkontzak, bazkalondoak... alaitzeko aproposa».
Zer da musika?
Musika egunerokoaren parte bihurtu zaie. Elizondoarrarentzat «deskonektatzeko eta erlaxatzeko tresna arras ona» da eta etxalartarrarentzat «beti nirekin dagoen zerbait». Goizuetarrarentzat, berriz, «bizitza sentitzeko modu bat» bilakatu da. Halere, bere kasuan, bertsolaritza ere garrantzitsua izan da: «letrak sortzeko bidea izan da. Letra horiek melodia bat eskatzen dizute eta horrela hasi nintzen kantuak konposatzen». Bakarka eta taldean ibilia da, baina «taldean, bakarka bizi ez nituen esperientziak bizi ondotik, taldean segitzea erabaki nuen».
Lehenbiziko aldi hura
Ez dute atzendua oholtza gainerea igo ziren lehenbiziko aldia. Zabaletak «urduritasun handia» sentitu zuen eta elizondoarrak «urduritasuna eta publikoarekiko errespetu handia. Oronozko bestetan izan zen... A zer garaiak», dio irriz.
Etxalartarrak auzoko bestetan egin zuen estreinako saioa, ahizparekin: «12 eta 10 urte izanen genituen. Mikrofono eta altaboz ekipo ttiki bat erosi genituen eta horrela hasi ginen». Edozein moduz, atzenduko ez duen eguna «gure lehenbiziko txapelketa» omen da: «2002ko ekainean, Etxalarko plazan», bederatzi urte zituela. «Ni trikitixarekin eta Itsaso panderetarekin atera ginen. A zer urduritasuna! Azken aitzineko postua lortu genuen. Kategoria bakarra zen, eta gure aurka 18 urtekoak ere baziren». Baina horren gainetik, «ez ditugu atzentzen herritarren animo, txalo eta oihuak! Hain gustura geldituta, oholtzetan segitu nahi genuela erabaki genuen».
Urteekin ikasiz
Geroztik ederki aldatu zaizkie kontuak. Etxalartarrak dio bera «aunitz» aldatu dela oholtza gainean: «orduan bi haur ginen eta geroztik ikasten joan gara. Txapelketetan eta plazetan ibiltzea izan da eskolarik onena». Urte hauetan, gainera, Euskal Herriko hainbat plazetara ailegatu dira, baita urrutirago ere: «trikitixaren aitzakian, Londres, Paris edo Portugalera jotzera atera izan gara». Eta urruti edo hurbil, atsegin du egiten duena: «lana eta ikasketak uztartuz gabiltza musikarekin eta momentuz behintzat gustura. Asteburu batzuk bertzeak baino beteagoak izaten dira eta norberarentzat asti guttirekin... baina tira, esaerak hala dio, ez? Gustuko lekuan maldarik ez!».
Baztandarrari ere «esperientziak aunitz lagundu» dio eta «talde bezala, bilakaera dezentea» egin dutelakoan dago. Emanaldietan «ongi» pasatzen du eta «musikak ilusioz eta gogoz beteriko momentuak ematen dizkit, baita jendea ezagutu eta harremanak egiteko aukera ere».
Bertzalde, aurten hamar urte beteko ditu Gabezin taldeak, eta goizuetarrak aitortu digu, «azken hamar urteotan uda bakoitza bidaia ezberdina» izan dela beretzat. «Bidaia bakoitzean, musikalki, baina batez ere pertsonalki, hazten laguntzen didaten esperientziak bizitzen ditut». Bere irudiko, «ikasi egin behar da oholtza gainean moldatzen» eta berak «pixkanaka» ikasi omen du: «abesteaz gain, gorputzaren mugimenduek, keinuek edo espresioek garrantzi handia dute. Hasieran, normala da publikoak 'janen' zaituen sentsazioa izatea, baina esperientziari esker publikoa nik 'jaten' ikasi dut».
Une onak eta txarrak
Momentu gazi-gozoak ere izan dituzte. Elizondoarrak «Hauspolariek taldea hirukote batek osatzen genueneko garaia» du bereziki gogoan, «oroitzapen arras onak ditut». Baina zoritxarreko berri baten ondorioz, hirutik bi izatera pasatu ziren eta ez zen samurra izan taldekideentzat: «taldearekin lotutako momenturik txarrena taldekide baten galera izan da, arras gogorra izan zen».
Etxalartarrak «une berezi aunitz» ditu gogoan: Azpeitiko txosnak «ikaragarrizko jende pila eta denak dantzan gelditu gabe», Oñatiko Madalena auzoa «goizeko zazpietan oraindik plaza beteta jendea ezin etxera joanez», Euskal Herriko Trikitixa Txapelketa «azkenekoz parte hartu genuen urtea eta txapela jantzi genuena»... Hala ere, «paretari jotzen egon garen» uneak ere tokatu zaizkie. «Halakoetan 'zertarako gaude gu hemen?' burutik pasatzen zaizu. Dena bildu eta etxera joateko gogoa sartzen bazaizu ere, entsaiorako ibili izan ditugu emanaldi edo ordu horiek», dio umoretsu.
Goizuetarrari, ordea, ahotsak sortu izan dizkio eragozpenak: «abeslaria izanik, nire tresnarik garrantzitsuena ahotsa da eta afoniak momentu txarrak pasarazi dizkit». Baina horien gainetik, oroitzapen onak ditu gogoan: «hamar urte hauetan jende asko pasa da gure taldetik eta aukeratzekotan, horietako bakoitzarekin emandako azken kontzertuekin geldituko nintzateke».
Emakumeak eta musika
Parekidea al da musikaren mundua? «Ez», argi dio Zabaletak: «talde gehienetan gizonezkoen kopurua emakumezkoena baino handiagoa da». Taldean duten tokian ere aldea badela uste du: «emakume gehienak abeslari gisa ikusten ditugu, gutxiagotan ikusten dira musika-tresna bat jotzen; bateria, esaterako». Ez hori bakarrik: «soinu eta argi teknikari gehienak ere gizonezkoak dira eta horiek, normalean, mutilengana jotzen duten edozein galdera egiteko».
Etxalartarrak ere «oraindik, gizon gehiago» ikusten ditu oholtzetan. «Emakumeak ere badira, baina ama izan ondotik, oholtzetatik desagertzea izan da ohikoena. Badira oholtzetan segitzen dutenak eta miresten ditut. Horrela beharko luke». Dena den, bere ibilbidean emakumezko andanarekin topo egin du: «ikasten hasi nintzenean, panderetako eta trikitixako nire irakasleak emakumeak ziren». Bere ustez, «trikitixaren munduan, emakume edo neska aunitz ari da ikasten eta jotzen. Garai batean gizonezkoa zen mundua, gaur egun emakumeena bihurtzen ari dela erranen nuke». Erreferente izan dituenak ere aipatu dizkigu: «Maixa eta Ixiar, Alaitz eta Maider, Kristina eta Amaia...».
Presio gehiago ala guttiago
Emakume izateagatik ez dute presio gehiago sentitu elizondoarrak eta etxalartarrak: «orain arte behintzat ez dugu inolako desberdintasunik sentitu», dio lehenak eta «beti ongi eta errespetuz tratatu izan gaituzte», etxalartarrak. Elizondoarrak ez du uste «musikaren mundua gizonezkoentzat errazagoa denik, gure kasuan behinik behin ez da horrela izan». Baina bertzelakoa da goizuetarraren iritzia: «gizonezkoentzat errazagoa da». Estereotipoek eta aurreiritziek paper handia jokatzen dute oholtzan. Emakume batengandik ederra izatea, ongi abestea, ongi mugitzea, ongi janztea, edukazioz jokatzea... espero da. Salbuespenak beti dauden arren, alde horretatik gizonezkoek ez dute hainbesteko presiorik jasaten».
Segitzeko gogoz eta ilusioz
«Musikatik bizitzea zaila» dela diote. Zabaletaren irudiko, «garai batean, berbenak zuen pisua gaur egun musika komertzialak hartu du. Gizartearen interesei erantzuten dien musika egiten baduzu, lor dezakezu musikatik bizitzea. Baina zure interesei erantzun nahi badiezu, bidea zailagoa da. Kontraesana dirudi, baina musikatik bizitzeko ez duzu zertan musika 'ona' egin. Itxurak, propagandak, kontaktuek, interesek... zeresan handia dute». Berak, ordea, garbi du: «musika bizi nahi dugu, ez musikatik bizi». Baztandarrak ere «musikatik bizitzea arras zaila» dela onartu digu: «gure kasuan, nabarmena da guk jotzen dugun musika estiloa gaur egungo gazteen artean gero eta guttiago aditzen dela, eta horrek eragina dauka. Hala ere, guk hobbie moduan hartzen dugun zerbait da».
Etxalartarrak gogorarazi du badirela musikatik bizi direnak eta bere ahizparen kasua aipatu du: «trikitixa klaseak emanez, nirekin erromeriak eginez eta Carlos Nuñezekin kontzertuak eskainiz dabil. Posible, posible da, baina ez da lan finkoa, eta ez dakizu noiz arte iraunen duen...».
Emakumeei deia
Oztopoak oztopo, hiru musikariek mundu horretan segitu nahi dute. «Ahal dudan arte behintzat, orain arte bezala segi» nahi du etxalartarrak, eta elizondoarrak ere «taldearekin aitzinerat jarraitu nahi du, eta ahal izanez gero, nire bizitza eta inguruena ere musikaz betetzen jarraitu nahi dut». Bide beretik jo du Zabaletak: «taldearekin jarraitu nahi dutª, eta ´etorkizunean baliteke proiektu ezberdin bati ekitea».
Uda honetan behintzat ez ditugu maiz ikusiko etxean, herriz herriko bestetan ibiliko baitira hainbertze maite duten musikaren bueltan, baztandarrek dioen bezala «gozatzen». Beraiek bezala, «musika atsegin duten emakume guztiak mundu honetan murgiltzera» animatu nahi izan ditu Zabaletak. Eta etxalartarrak, «erromeriazale edo bestazaleei» egin die deia: «herriko bestetan plazak bizirik mantendu behar ditugu, ostatuetan bezain besta ona, sanoa eta polita egin daiteke plazan». Emakumeei ere luzatu die mezua: «segi oholtzak konkistatzen!».