TTIPI-TTAPAk Telefono Gida argitara eman du abuztuko aldizkariarekin batera

Ttipi-Ttapa 2018ko abu. 10a, 06:30
Egunotan harpidedunen artean banatzen ari den Telefono Gidaren azala.

Sakeleko telefonotik zuzenean deitzeko aukera ere eskaintzen du erran.eus webgunearen bidez 

Urteak daramazki TTIPI-TTAPAk bere Telefono Gida argitaratzen. Alde batetik, gure lurraldeko partikularren telefono zenbakiak ageri dira herriz herri eta bertzetik, profesionalak, komertzioak, lantegi eta zerbitzuak biltzen ditu Gida komertzialak. Abuztuko aldizkariarekin batera banatu du harpidedunen artean. Paperezko edizioan ez ezik, ERRAN.EUS webgunearen bidez, telefono horiek denak norbere ordenagailuan edo sakeleko telefonoan kontsultatzeko aukera ere bada. Eta kontsulta telefonoaren bitartez eginez gero, zenbakiaren gainean klikatuta, deitu ere egin ahalko da. 

 

Zerbitzuak Azpiatalaren barnean

Webgunearen atari nagusian, Zerbitzuak azpiatalaren barnean klikatu eta Telefono Gida, nahiz Gida Komertzialean sartzeko aukera bada. Telefono Gidan, bila zabiltzan pertsona horren abizena edo herria edo biak sartuta, baduzu telefono hori zein den jakiteko aukera.

Hor ageri diren datu pertsonalak publikoarentzat irekita dauden iturrietatik hartuak izan dira (Telefonica-ren telefono gida, konparaziora). Datutegi honetan telefono berri bat sartu, edota gaizki dagoena zuzendu edo ezerezteko eskubidea erabiltzeko, info@ttipi.eus posta helbidera bidali behar da mezu bat, zehaztuz erabili nahi den eskubidea.

Deituretan ortografia ofiziala erabili da, nagusiki, Espainiako Justizia Ministerioa, Eusko Jaurlaritza eta Euskaltzaindiak onartutako eta Euskal Deituren Izendegia izeneko liburuan argitaratua

Gida Komertzialean ere berdin, herrika, sailka edo produktuen arabera egin daiteke bilaketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun