Doneztebe-Irurtzun Txirrindularitza-ibilbideko UGEPSa onartu da, Ederbidea mugaz haraindiko proiektuaren baitan

Doneztebe eta Irurtzun lotzeaz gain, Irurtzun eta Iruña ere elkarteko ditu Ederbidea egitasmoak.

52 kilometroko luzeran, Plazaolako eta Bidasoako bide berdeak konektatuko ditu

Nafarroako Gobernuak Doneztebe /Santesteban-Irurtzun Txirrindularitza Ibilbidearen Udalez gaindiko Eragineko Proiektu Sektoriala onartzen duen erabakia hartu du uztailaren 25eko bileran. 

 

UGEPS delakoa Nafarroa baino eremu handiagoko proiektuaren barnean kokatzen da; hots, Ederbidean; hain zuzen ere, mugaz haraindiko proiektua Interreg V-A programako (Espainia-Frantzia-Andorra) proiektuen lehen deialdian programatua da (POCTEFA 2014-2020), eta horren helburua da Iruña, Donostia eta Baiona lotzea 240 kilometroko txirrindularitza-bidearen bitartez, eta bizikleta erabiltzea sustatzea bai turismo eta aisiarako, bai eguneroko joan-etorrietarako. Nafarroan, Bidasoako eta Plazaolako bide berdeak elkartuko dira, UGEPS honen xedeko tartea, eta Plazaolako trenbide zaharra Iruñarekin konektatuko da.

UGEPS-ek definitutako ibilbideak guztira 52 kilometroko luzera du, eta honako udal-mugarteak zeharkatzen ditu: Doneztebe (Bidasoako bide berdearekin konektatzen du), Donamaria, Oiz, Urroz, Beintza-Labaien, Saldias, Basaburua, Imotz (Plazaolako bide berdearekin konektatzen du Latasan), Arakil eta Irurtzun.

Ibilbidearen zatirik handiena, luzeraren %77 baino zerbait gehixeago, banaz bertzeko trafiko motorizatuaren maila (IMD) eguneko 1.000 ibilgailutik beherakoa duten errepideetan igarotzen da, eta gainerakoa tokiko pistek, bideek eta ormigoiarekin edo zabor-legarrarekin egindakoek osatzen dute. Trazaduran, %6tik goitiko maldak daude bidearen %12tik gorako distantzian, eta %22ra bitartekoak zenbait tartetan.

Aldi berean, trazatuak Bidasoko eta Plazaolako bide berdeekin konektatzen du, Donezteben eta Latasan, hurrenez hurren. Ederbidea UGEPS-ek "Plazaolako ibilbide zaharra berreskuratzea (Irurtzun-Leitza tartea) UGEPS ordezkatzea proposatzen du Latasatik Irurtzuneraino.

 

Eurovelo

Horrez gain, UGEPS honen helburua da Plazaolako eta Bidasoako bide berdeak konektatzeko txirrindularitza-ibilbidea egokitzea eta Eurovelo sarearen zati bat Nafarroan osatzea (Eurovelo-1), Endarlatsatik Iruñaraino. Gogoratu behar da Eurovelo Europako Txirrindularien Federazioak zuzentzen duen proiektua dela, eta txirrindularitza-ibilbideen sarea osatu nahi duela Europako kontinentea oso-osorik konektatzeko, distantzia luzeko turistek nahiz tokiko herritarrek beren eguneroko ibilbideetan erabil dezaten. Zehazki, EV-1 Ibilbideak Norvegiako fiordoetatik hasi, eta Irlandako kostatik, Nantestik (Frantzia) Iruñatik igaro eta Portugalgo Algarveraino konektatzen du, 9.100 km inguruko ibilbidearekin. Ibilbide honen  barruan sartzeko, trazatuak diseinu-irizpide batzuk bete behar ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun