Saharar herriari elkartasun keinua

Ttipi-Ttapa 2018ko uzt. 29a, 09:50
Mulay bigarren aldiz etorri da aurten Erratzura

Bertze urte batez, Maria Luisa Mihura elizondoarrak, Jabier Barandiaran leitzarrak eta Nerea Iturriria erratzuarrak Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren Saharako haurrei beraien etxeko ateak zabaldu dizkiete eta beraien esperientzia kontatu diote Ttipi-Ttapari.

Desertuan bizi dira, Aljeriako Tinduf eskualdean dagoen errefuxiatuen kanpalekuetan, baldintza kaskarretan, eta hein haundi batean Europatik heldu zaien laguntzari esker. Udan, ordea, Oporrak Bakean programari esker, kanpalekuetatik atera eta bi hilabetez baldintza egokietan bizitzeko aukera izaten dute harrera familietan. Gisa honetara, osasun azterketak egiteaz gain, elikadura egokia jaso eta udan izaten duten 50 gradutik goitiko tenperatura saihesten dute.

 

Azken urteotan, harrera familien kopuruak beheiti egin du. Hori izan zen, iaz Bakelekua sortzearen arrazoietako bat. Elizondoko Lanbide Eskola haurrak hartzeko moldatu eta hogei sahararrek aterpea izan zuten udan. Aurten, ordea, ezin izan dute antolatu. Hala ere, Baztan-Bidasoko Saharaztan eta Leitzako saharar herriarekiko elkartasun taldeei esker, errefuxiatu guneetako hamar haur saharar eskualdean dira. Ekainaren 26an ailegatu ziren eta abuztuaren 25a arte hemen izanen dira. Leitzan, Elizondon eta Beran bina haur hartu dituzte eta Erratzun, Arizkunen eta Donezteben bana. Horrez gain, iaztik, osasun arreta jasotzeko bertze haur bat Elizondon dago.

Saharatik Baztan eta Leitzara

Maria Luisa Mihura Sanzberrok  (Lekaroz, Elizondo) Saharako bi haur hartu ditu aurten etxean, eta ez du zalantzarik: «merezi du eta gustura egiten dut. Guretako ere arras pozgarria da». Ez da atzo hasia, dagoeneko 17 bat urte baititu Saharako haurrak hartzen.

Jabier Barandiaran Ormazabalek (Leitza) ere badu esperientzia, «orain dela hamar bat urte» hasi baitziren Saharako haurrak ekartzen, batetik, «saharar herriaren arazoarekin elkartasun modura» eta bertzetik, «neska-mutikoei beste bizi bat egiten laguntzeko».  

Bi urtez Bakelekutik saharar haurrak asteburu pasa etxera ekarri ondotik, iaz, lanean eszedentzia hartu zuela aprobetxatuz eta «saharar haur bat ekartzeko gogoa nuenez, lehenbizikoz uda osorako haur bat hartzea» erabaki zuen Nerea Iturriria Meokik (Erratzu). «Arras ongi» atera zen eta aurten errepikatzea erabaki du: «lanean nago, baina iazko haurra etor daitekeen azken urtea denez, pena ematen zidan ez ekartzeak. Bikotekidea herrian ari da lanean eta haurrak herria ezagutzen zuenez eta ongi moldatzen denez, ekartzea erabaki dugu». Halere, «bertze bat ekarri beharko banu, akaso ez nukeen ekarriko» onartu digu. «Lanean ari naiz eta hasieran pixka bat gainean egon behar da».

Sahararren enbaxadoreak

Barandiaranek ezaguna du errefuxiatuen gunea: «bi alditan izan gara eta seme-alabak beste bi txandatan». Hura ikusita «pena eta lotsa» sentitu izan dituela aitortu digu: «bizi beharrean, iraun egiten dute. Oso baldintza gogorretan bizi dira».  Iturririak bezala, Mihurak ere bertzeek kontatuta daki zein den egoera. «Alaba bere bikotekidearekin Saharara joan zen eta agudo ikusi zuen zer behar zegoen», dio elizondoarrak. «Han ez dute deus ere, legarra bertzerik ez. Ez dute etxerik, haima edo txaboletan bizi dira». Haimetan «bero haundia» pasatzen dutela eta «legarrekin txabola batzuk goratzen» dituztela erran digu. «Ia ez du euririk egiten, eta egiten duenean, putzu haundiak eta lohia sortzen da eta dena erortzen zaie».

Leitzarrak «egoera horretan, jada 30 urtetik gora dituztela» salatu du. Gaineratu duenez, «Europara ateratzen diren haurrak saharar herriaren enbaxadoreak direla esaten dute. Jendeak ikusten dituenean, badaki nola bizi diren eta horrek jendeari pentsarazi eginen diola iruditzen zait».

Lehenbiziko aldia

Mihurak eta Barandiaranek gogoan dute sahararrak etxean hartu zituzten lehenbiziko aldia. Leitzarrak lehenbiziko haurra «bitxoa baina pertsona ona» zela kontatu digu. Mihurak «gogor samarra» egin zitzaiola onartu badu ere, ez da damutu hartutako erabakiaz. Hasi baziren hasi, dagoeneko sei haur hartu ditu baztandarrak etxean eta zortzi leitzarrak. Gehiago ere bai, «etxean izan ditugun haurrekin, urte osoan harremana mantentzen dugu» eta guztiei laguntza bidaltzen diete. Iturriria ere urte osoan harremanetan egon da Mulayren familiarekin eta Eguberrietan laguntza bidali zien.

Euskaraz ere ederki

Hirurek bat egin dute sahararrak «erraz» egokitzen direla erraterakoan. Hasieran «nekatuak eta urduri» ailegatzen direla diote, baina «segituan» jartzen omen dira. Erratzuarrak ez du atzendua Mulay etxera ailegatu zen eguna: «lehertua ailegatu zen. Etorri zen lehenbiziko egunean, Erratzuko bestak ziren eta negar egiteko gogoarekin ikusten nuen. Ez zen solasten, ez zuen jaten... Baina biharamunean, haurren bazkaria izan genuen, eta bertze pertsona bat zirudien. Erraz egin zituen lagunak».

Euskara ere ez omen da oztopo izaten: «nahiz eta erdaraz nahiago duten, euskaraz ulertzen dute eta gurean gehien egon direnek euskaraz ongi solas egiten dute», erran digu Mihurak. Barandiaranen hitzetan, «normalean erdara pixka bat ikasita etortzen dira baina bi hilabetez oso ongi ulertzen dute euskaraz eta ez dute arazorik izaten».

Bertze kultura izateak ere ez die arazorik sortu: «badira egiten eta jaten ez dituzten ohiturak eta jatekoak eta garrantzitsua da hasieran konfidantza ematea, ziria sartu gabe», aipatu digu Barandiaranek. Iturririak gogoan du, «hasieran errezatu» egiten zuela: «kanpoan jostetan ari zela, etxera etorri eta errezatzen hasten zen. Baina gerora lasaiago hartu zuen».

Anekdotak ere badituzte. «Igeriketan, bizikletan... dena badakitela erraten dute. Bizikleta hartu eta hemengoek bezala ibili nahi dute, baina ez dute esperientziarik eta alde horretatik nahiko arriskutsuak dira». Barandiaranek gaineratu digunez, «hango mentalidadearekin etortzen dira. Ez daude hemengo trafikora jarriak, han ez dago espaloirik, ez eskailerarik ere eta hasieran, batzuk beldurra sentitzen dute. Bizikletarekin eskuinetik joateko esan behar izaten diegu behin eta berriz... Badakite arau batzuk badirela, baina akordatzen direnean egiten dituzte». Bat dator horrekin Mihura: «bi aldiz pentsatu gabe egiten dituzte gauzak eta erne ibili behar da».

Iturririak gertatu zitzaiona kontatu digu: «joan den urtean, haurra ekarri nahi nuela deitu nuelarik, ANAS Sahararren Lagunen Nafarroako Elkarteko arduradunak aitzineko urtean, harrera familiak Mulay hamar egunen buruan itzuli zuela adierazi zidan. Arras mugitua zela, eskailerak azkar igotzen zituela, denei tinbrea jotzen ziela... Bai, mugituak dira, urduriak. Baina nik ez nuen arazorik izan, herrian ederki egokitu zen eta adinekoak liluratuta uzten zituen».

Esperientzia «aberasgarria»

Esperientzian oinarrituta, saharar haurrak etxean hartzera animatu nahi izan dute jendea. Iturririak onartu du «aunitzetan zaila» dela: «lanean gauden bitartean norekin utzi?». Horregatik uste du «akaso bertze aukerak planteatu beharko liratekeela. Uztailean nonbait egon eta asteburuetan eta abuztuan atera...». Baina esperientzia «arras aberasgarria» dela nabarmendu du.

Barandiaranek ere argi du: «oso esperientzia positiboa eta polita da». Haurrek hemen egiten duten egonaldia «garrantzitsua» delakoan dago eta bide batez, «Europari buruz daukaten erreferentzia oso mitifikatua dutenez, hona etorri eta hemen jende normala garela ikusten dute. Denontzat garrantzitsua da gure mundutxotik aparte zer dagoen ezagutu eta errealitatea zein den ikustea». Mihurak ere kontent hartzen ditu sahararrak. Gehiago ere aitortu digu: «ematen dieguna baino aise gehiago ematen dute».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun