Nazioarteko erremonte zirkuituaren bosgarren jardunaldia jokatuko dute uztailaren 13an Iruñean

Ttipi-Ttapa 2018ko uzt. 12a, 12:31

Iruñeko jaialdiaren aurkezpena.

Ortzirale arratsaldeko 5etan hasiko da Labrit pilotalekuan, ADANO elkartearen aldeko jaialdia 

Erremontearen Nazioarteko Zirkuituak segida izanen du uztailaren 13an sanferminetan murgildua segitzen duen Iruñean. Ortzirale arratsaldeko 5etan hasiko da ADANOren aldeko jaialdia Labrit pilotalekuan. Barrenetxea IV.a eta Xanti Uterga doneztebarra lidergoan sendo mantentzen dira.

 

Aldi honetan, Urriza eta Ion, Xanti Uterga eta Joxe Etxeberria III. Doneztebarrak eta Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra eta Barrenetxea IV.a izanen dira hiru bikoteak.

Giro bikaina espero da Labriten, Iruñeko Peñen Federazioak 200 sarrera eskuratu baititu, ADANOrekin sinatutako hitzarmenaren ondorioz. Sarrerak 5 euro balioko du, eta oso-osorik Nafarroan minbizia duten neska-mutikoak eta bere senideak biltzen dituen elkarte horrendako izanen dira.

Nazioarteko erremonte zirkuituak segida izanen du Xixonen (uztailaren 21ean), Hendaian (uztailaren 27an), Donostian (abuztuaren 5ean), Baionan (irailaren 16an), Sorian (urriaren 7an), Bartzelonan (urriaren 13an) eta Zaragozan (urriaren 14an).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun