Nafarroako hirugarren mailako aizkora txapelketaren finalean ariko den boskotea erabaki da Iruñean

Ttipi-Ttapa 2018ko uzt. 11a, 13:53

Iraitz Iturralde eta Jon Irigoien txapeldun orde izan dira Nafarroako kadete mailako arpana txapelketan.

Abuztuaren 17an jokatuko dute finala Ezkurran 

Uztailaren 11n, Nafarroako hirugarren mailako aizkora txapelketaren kanporaketa jokatu da Iruñeko Sanferminegtan jokatzen ari diren herri kirol saioen baitan. Segoviako El Espinar herriko Emilio Garcia izan da bizkorrena bi kanaerdikoak mozten (7:27). Berekin batera, Uharte Arakilgo Iker Gorriti (8:21), Beintza-Labaiengo Jacinto Etxekonanea (9:08), Uharte Arakilgo Jaime Gorriti (9:32) eta Anozko Eneko Pagola (9:58) ariko dira abuztuaren 17an Ezkurran jokatuko den finalean.

 

Iruritako Marc Duch (13:35), finaletik kanpo gelditu da.

Nafarroako kadete mailako arpana txapelketa ere jokatuko dute eta Baztango Basaburuako Iraitz Iturralde eta Jon Irigoien txapeldun orde izan dira, Andra Mariko Pello Altzelai eta Adur Lizarragarem ondotik. 

Kimu mailako proba konbinatu erakustaldian Igantziko taldea nagusitu zaio Andra Mari, Berriozar eta Antsoain-i.

 

Falta diren txapelketa eta erakustaldiak

Uztailaren 12an, Kañamares anaiek erakustaldia eskainiko dute (zerratokia eta aitzurrarekin egurra moztea). Emakumezkoen aizkora erakustaldia bikoteka ere eskainiko dute: Maika Ariztegi (Ituren) eta Xanta Sousa (Lesaka), Itxaso Onsalo (Areso) eta Nerea Sorondo (Bera) eta Irati Astondoa (Zeanuri) eta Leire Astiazaran (Amasa) araiko dira. Bikote bakoitzak 45 ontzako lau enbor moztu beharko ditu. San Fermin Sokatira torneo mistoa 4x4 ere jokatuko dute Beti Gazte, Antsoain, Araxes eta Berriozar taldeek, 280 kilotan.

Uztailaren 13an, Nafarroako harrijasotze txapelketa jokatuko dute Leiako Josetxo Urrutiak eta Iruñeko Albaro Zugarrondok. Iñigo Goienetxe amaiurtarrak lasto altxatze erakustaldia eskainiko du eta Mikel Lasartek motozerra erakustaldia.

Uztailaren 14an, azkenik, Nafarroako gizonezkoen eta emakumezkoen txinga txapelketa erabakiko da. Arraiozko Daniel Saldias, Beunzako Mikel Eugi eta Berriozarko Oskar Aguas ariko dira gizasmeeetan eta Lesakako Xanta Sousa eta Iruñeko Estibaliz Gastearena eta Virginia Finol emakumezkoetan. Aizkoran erakustaldia eskainiko dute Donato Larretxeak eta Julen Kañamaresek eta harri-jasotzen Aimar Irigoienek.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun