Joxean Etxeberria zigarra eta Iker Vicente nagusitu dira Nafarroako Binakako Aizkolari Txapelketan

Ttipi-Ttapa 2018ko uzt. 9a, 11:36

Aizkolariak.

Iruñeko sanferminen barne, Nafarroako hainbat herri-kirol txapelketa jokatzen ari dira. Igandean, Binakako Aizkolari Txapelketarekin batera, Orga Joko Txapelketa jokatu zuten. Azken honetan, Xabier Urrutia arraioztarrak irabazi zuen. Astelehenean, gizonezkoen Nafarroako I. Mailako Arpana Txapelketa eta Emakumezkoen Arpana Txapelketa jokatuko dituzte.

Orga jokoan, Urrutiak orgarekin hiru itzuli eta 4,45 metro egin zituen. Iruñeko Albaro Zugarrondo gelditu zen bigarren, Alejandro Fernandez iruñearra hirugarren eta Francisco Javier Jimenez laugarren, hau ere iruñearra.

Bikotekako Aizkolari Txapelketan, bertzalde, Iker Vicentek eta Joxean Etxeberriak 26 minutu eta 12 segundo behar izan zituzten sei kanaerdiko eta 60 ontzako sei enbor mozteko. Jon Rekondo eta Ruben Saralegi leitzarrek 27 minutu eta 22 segundo behar izan zituzten eta Donato Larretxea aranztarrak eta Julen Kañamaresek 29 minutu eta 50 segundo.

Saioa borobiltzeko, Iñaxio Perurena leitzarrak harri-jasotze erakustaldia eskaini zuen.

Uztailaren 9ko egitaraua

Alde batetik, Emakumezkoen Arpana Txapelketa jokatuko dute eta bi bikote ariko dira: Itxaso Onsalo (Areso) eta Leire Astiazaran (Amasa) bikotea eta Ainhoa eta Maria Iraizoz (Elso) bikotea. Etzanda paratutako 45 ontzako enborrari hamar epai eman beharko dizkiote.

Bertzalde, gizonezkoen Nafarroako I. Mailako Arpana Txapelketa jokatuko dute. Bikote hauek parte hartuko dute: Julen Kañamares (Arostegi) eta Mikel Eugi (Beunza), Josetxo eta Iñaki Barberena (Iraizoz), Oier eta Imanol Kañamares (Arostegi), Adrian Berruezo (IBero) eta Alberto Oteiza (Lagarreta). Etzanda paratutako kanaerdiko enborrari 14 epai eta zutik jarritako kanaerdikoari lau epai eman beharko dizkiote.

Horrez gain, Patxi Larretxeak arpanean eta aizkoran, altueran, erakustaldia eskainiko du.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun