Nafarroako hainbat herri kirol txapelketa erabakiko dira Iruñeko Sanferminetan

Ttipi-Ttapa 2018ko uzt. 5a, 11:34
Hainbat txapelketa eta erakustaldi izanen dira aurten ere Iruñeko Sanferminetan. Hitzordua, eguerditan Foruen Plazan.

Uztailaren 8tik 14ra eguerditan izanen dira saioak Foruen Plazan

Urtero bezala, Iruñeko Udalak antolatuta, uztailaren 8tik 14ra San Fermin Herri Kirol Jaialdiak ospatuko dira Iruñeko Foruen Plazan, eguerdiko 12etan.

 

Uztailaren 8an, igandean Nafarroako bikotetako aizkora txapelketa jokatuko da: Iker Vicente eta Zigako Joxean Etxeberria, Jon Rekondo eta Ruben Saralegi leitzarrak eta Donato Larretxea aranztarra etaJulen Kañamares ariko dira lehian, seina kanaerdiko eta seian 60 ontzako mozten. Nafarroako gurdi altxatze txapelketa ere jokatuko da eta Xabier urrutia arraioztarra izanen da eskualdeko ordezkaria. Horretaz gain, Inaxio Perurenak harri-jasotze erakustaldia eskainiko du.

Uztailaren 9an, astelehenean, Nafarroako lehen mailako arpana txapelketa jokatuko da, eskualdeko ordezkaririk gabe.Nafarroako emakumezkoen arpana txapelketan bi bikote ariko dira: Aresoko Itxaso Onsalok eta Amasako Leire Astiazaranek osautakoa eta Elsoko Ainhoa eta Maria Iraizozek osatutakoa. Patxi Larretxeak trontzan eta aizkoran altueran erakustaldia eskainiko du.

Uztailaren 10ean, asteartean, Nafarroako gizonezkoen eta emakumezkoen ingude altxatze txapelketa jokatuko da. Josetxo Urrutia leitzarra eta Maika Ariztegi iturendarra izanen dira eskualdeko ordezkari, hurrenez hurren. XX. San Fermin Motozerra txapelketa eta, Tubiren eskutik, lasto altxatze eta lasto botatzea.

Uztailaren 11n, asteazkenean, Nafarroako hirugarren mailako aizkora txapelketaren kanporaketa jokatuko da. Eneko Pagola (Anoz), Jacinto Etxekonanea (Beintza Labaien), Iker Gorriti (Uharte Arakil), Jaime Gorriti (Uharte Arakil), Marc Duch (Irurita), Victor Suarez (Navacerrada-Madrid) eta Emilio Garcia (El Espinar-Segovia) ariko dira eta bi kanerdik moztu beharko dituzte. Nafarroako kadete mailako arpana txapelketa ere jokatuko dute eta Baztango Basaburuako Xuban Lakosta eta Jon Irigoienek ordezkatuko dute eskualdea. Kimu mailako proba konbinatu erakustaldian Igantziko taldea ariko da, Andra Mari, Antsoain eta Berriozarrekin batera.

Uztailaren 12an, ortzegunean, Kañamares anaiek erakustaldia eskainiko dute (zerratokia eta aitzurrarekin egurra moztea). Emakumezkoen aizkora erakustaldia bikoteka ere eskainiko dute: Maika Ariztegi (Ituren) eta Xanta Sousa (Lesaka), Itxaso Onsalo (Areso) eta Nerea Sorondo (Bera) eta Irati Astondoa (Zeanuri) eta Leire Astiazaran (Amasa) ariko dira. Bikote bakoitzak 45 ontzako lau enbor moztu beharko ditu. San Fermin Sokatira torneo mistoa 4x4 ere jokatuko dute Beti Gazte, Antsoain, Araxes eta Berriozar taldeek, 280 kilotan.

Uztailaren 13an, ortziralean, Nafarroako harrijasotze txapelketa jokatuko dute Leiako Josetxo Urrutiak eta Iruñeko Albaro Zugarrondok. Iñigo Goienetxe amaiurtarrak lasto altxatze erakustaldia eskainiko du eta Mikel Lasartek motozerra erakustaldia.

Uztailaren 14an, larunbatean, azkenik, Nafarroako gizonezkoen eta emakumezkoen txinga txapelketa erabakiko da. Arraiozko Daniel Saldias, Beunzako Mikel Eugi eta Berriozarko Oskar Aguas ariko dira gizasmeeetan eta Lesakako Xanta Sousa eta Iruñeko Estibaliz Gastearena eta Virginia Finol emakumezkoetan. Aizkoran erakustaldia eskainiko dute Donato Larretxeak eta Julen Kañamaresek eta harri-jasotzen Aimar Irigoienek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun