Gorka Urtasun kantxetara bueltatuko da gaur Nafarroako erremonte txapelketako bigarren jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 29a, 06:00
Gorka Urtasun, 2013an jokatu eta irabazi zuen azken finalean, Julen San Migelen kontra.

Olazko kiroldegiko frontoian 19:30ean hasiko den jaialdian, Barrenetxea IV.arekin batera ariko da Ezkurra II.a eta Ionen kontra 

Nafarroako erremonte txapelketako bigarren jardunaldia hartuko du ekainaren 29an, ortzirale arratsaldeko 7:30etik aitzinera Olazko kiroldegiko frontoiak. Lehen mailako partidan, Iruritako Gorka Urtasun berriz ere erremontea jantzita ikusteko aukera izanen da, hiru urteko geldialdiaren ondotik.

 

Urtasunek Barrenetxea IV.a izanen da gibeleko koadroetan lagun, eta Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra eta Ion arerio.

Promozio txapelketako partidan ere eskualdeko erremontelariak izanen dira. Eloy Garcia doneztebarrak Aritz Juanenea saldiastarra izanen du lagun gibeleko koadroetan. Hain zuzen, lehen aldiz ariko da atzelari moduan Juanenea. Barricart eta lesioaren ondotik frontoira bueltatuko den Mikel Otano izanen dituzte arerio.

Jaialdia ADANO elkartearen aldekoa izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun