Bestetan hondakinak murrizteko Nafarroako Gobernuaren kanpaina Leitzan abiatu da

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 25a, 12:52

Leitzako udaletxean egin dute baxera berrerabilgarriaren aurkezpena.

Baxera berrerabilgarria estrenatu zen San Joan bezperako herri afarian, baita Lesakako Tantirumairu Ikastolaren bestan ere 

Hemendik irailera bitarte eginen diren 28 ospakizunetan 13.000 lagunek erabiliko dituzten baxera berrerabilgarriak aurkeztu zituzten ekainaren 23an Leitzan, San Joan bezperako herri afarian. Asteburu honetan, Lesakako Tantirumairu ikastolako bestan ere erabili dituzte, baita Lekunberrin, Obanosen, Garesen eta Berbinzanan ere.

 

Eskualdean, uztailean Elizondoko bestetan eta Baztandarren Biltzarran ere erabiliko da, Donezteben eta Iturenen (Malerrekako Mankomunitatea), abuztuan Beran eta Etxalarren eta irailean Urrozko bestetan.

Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administraziorako Departamentuko Hondakinen Prebentzio Bulegoak eta Hondakin Kontsortzioak sustatu dute ekimena, GAN-NIK erakundearen laguntzarekin. Izan ere, onartu berri den Hondakinen Foru Legearen arabera, 2020. Urtetik aitzinera debekatua egonen da erabili eta botatzeko baxeraren erabilpena.

Leitzako aurkezpenean, Isabel Elizalde, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administraziorako kontzeilaria; Unai Loiarte, Mendialdeko Zerbitzuen Mankomunitateko presidentea eta Goizuetako alkatea; Mikel Zabaleta, Leitzako alkatea eta Iñaki Urrizalki, Nafarroako Hondakin Kontsortzioko kudeatzailea.

Varazdin Fundazioa da baxera-hornitzailea, baita hau biltzeaz eta garbitzeaz arduratzen dena ere. Gaur egun, dibertsitate funtzionala duten 70 lagunek lan egiten dute Varazdin Fundazioan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun