Bien bitartean, Urdazubin izanen du geldialdia. Honekin batera abiatuko duten 'Udan zabalik' egitasmoa tarteko, hainbat elizatako ateak irekiko dituzte. Errate baterako, Elizondoko Santiago elizakoak.
Ezagutza kulturala aberasteko eta modu atseginean gozatzeko, ipuin-kontalari bat zanen dute gidari. Narratzaileak, Ines Bengoak, Erdi Aroko erromesen jantziak paratu eta tenpluetako ate nagusian eginen die harrera. Sarreran azalpen batzuk eman ondotik, barrura joan ahalko dira eta leku bakoitzeko istorioak entzun ahalko dituzte. Kontaketak euskaraz eta gazteleraz izanen badira ere, frantses zein ingelesei bideraturiko aipamenak ere eginen dira, ondare historiko eta kulturalaren berri izan dezaten.
Dinamizazioa jomuga
Eskaintza turistikoa zabaltzearekin batera, programa honek turismo familiarrari zuzenduriko Bidearen dinamizazioa indartzea du helburu, Nafarroako historia eta ondare inmaterialaren kontaketa arinduz, bereziki haurrei zuzenduriko antzerki-formako narrazio bidez.
Kontakizun guztiak doakoak dira, 19:00etan hasiko dira eta 50 minutu eta ordubete inguru iraunen dute. Bertzeak bertze, Urdazubiko Salbatore Elizan izanen du geldialdia, abuztuaren 24an.
'Udan zabalik', 14 elizaren irekitze berezia
Uztailean eta abuztuan eginen diren 14 elizaren irekiera bereziarekin batera, 'Udan zabalik' programa ere garatuko dute. Horrela bada, bertze hainbat herritako elizetako ateak irekiko dituzte; tartean, Elizondoko Santiago elizakoak.
Urtean zehar itxita dauden 14 tenplu horiek doan ikusi ahalko dira uztailaren 1etik abuztuaren 31ra arte, 10:30etik 13:00etara eta 17:30etik 20.00etarako ordutegian, astelehenetik igandera.
Libretak eta margoak banatuko dituzte
‘Udan zabalik’ eta ‘Ipuin-ostiralak’ programen harira koloreztatzeko 5.000 libreta eta margoak banatuko dituzte. Ilustrazio-koaderno horiek herri bakoitzaren inguruko kondairen hamalau eszena jasotzen dituzte eta turismo bulegoetan zein programan parte hartzen duten elizetan banatuko dira.