Cederna Garalur Elkarteak batzar nagusia egin du Agoitzen ekainaren 19an

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 22a, 11:53

Cederna-Garalur elkarteak urteko batzarra egin zuen asteartean Agoitzen.

Iazko kontuak eta 2018rako aurrekontua ahobatez onartu dute

Cederna Garalur Elkarteak urteko batzar nagusia egin zuen Agoitzen, ekainaren 19an. Bertara, Cederna Garalur Elkarteko erakunde bazkidetako 44 ordezkari hurbildu ziren.

 

Batzarra elkartearen presidente Maite Iturrek aurkeztu zuen. Ondoren Ibon Mimentzak, erakundeko zuzendari-kudeatzaileak, 2017an landutako ekintzen berri eman zuen, honako hauek ardatz harturik: ekintzailetzari arreta, “Energia Cederna Garalur” energiako aholkularitza-zerbitzua, eta 67 tokiko proiekturen dinamizazioa, eta horren barrenean proiektuen kudeaketa, koordinazioa, jarraipena edo Nafarroako Mendialdeko foroetan eta ekimenetan parte hartzea. «Toki-garapenerako funtsezkoa den lan horren barrenean107 bilera antolatu edo parte hartu dugu, 187 jarduera partikular antolatu ditugu, eta Nafarroako Gobernuko 24 departamenturekin eta elkarte publikorekin lankidetzan jardun dugu. Halaber, 181 ekintzaileri emandako laguntza azpimarratu zuen, eta horien emaitzak hauexek izan dira: 75 enpresa berri eta 90 enplegu, eta horietatik % 57 emakumeak dira. Horrez gain, dagoeneko eraturik dauden 136 enpresari ere laguntza eman diegu», aipatu zuten batzarrean.

Gisa berean, “Energia Cederna Garalur” efizientzia energetikorako zerbitzuaren emaitzen balantzea ere egin genuen. Zerbitzuak 2015-2017 aldian 4.000 kontsulta jaso zituen, eta makina bat lan burutu ditu; bideragarritasun planak, memoria teknikoak idatzi nahiz laguntzak bideratu, besteak beste. Denetara, 93 proiektu kudeatu ditugu, eta bideratutako laguntzak 6,5 milioi euro izan dira.

Bertzalde, Cederna Garalur Elkartearen 2018rako lan-egitasmoaren aurkezpenean, landa-garapeneko programaren (LGP) deialdi berria 2018 honetan zabalduko dela eta 1.082.000 euro izanen dituela aipatu zen. Elkarteak hainbat garapen-estrategiatan ere parte hartu du Baztanen, Zangozerrin, Mendialdean eta Pirinioetan.

Azkenik, bileraren bukaeran bertaratuek aho batez onartu zituzten Elkartearen kontuak eta 2018rako aurrekontua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun