Kultur 2018 programazioak hainbat ekitaldi ekarriko ditu eskualdera ere

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 15a, 10:34
Trio Palatino musika taldeak eta Valdi eta Marcela dantzara-bikoteak Donamariako Jauregian eskainiko duten saioarekin abiatuko da Kultur programazioa aurten eskualdean.

Donamarian, Elizondon, Zugarramurdin, Leitzan musika eta dantza emanaldiak izanen dira eta Bertizen, Javier Cigaren margo erakusketa

Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak antolatutako Kultur 2018 programaren baitan ekainaren 22tik irailaren 8ra musika, dantza eta arteko 36 emanaldi prestatu dituzte. Ortzegun, ortzirale eta larunbat guztietan eginen dira Nafarroako 36 udalerri eta pasaia- edo ondare-mailako toki interesgarritan. Eskualdean, Donamaria, Elizondo, Zugarramurdi, Leitza eta Bertiz ukituko ditu.

 

Eskualdeko programazioa

Uztailaren 5ean, ortzegunean 20:00etan, Donamariako Jauregia dorretxean joko du Trio Palatino musika taldeak, Valdi eta Marcela dantzari-bikotearekin batera.

Roberto Casadok (txirula), Carlos Secok (biola) eta Sergio Larriónek (gitarra) osatzen dute Trío Palatino; hiru musikari horiek prestakuntza handia dute eta esperientzia zabala ganbera musikan; horri esker, banakako nahiz taldekako ganbera kontzertuak eman dituzte zenbait herrialdetan, hala nola Espainian, Andorran, Italian, Frantzian, Ingalaterran, Polonian, Hungarian, Taiwanen, Australian, Kanadan, Marokon eta Estatu Batuetan. Errepertorio zabala dute, estilo aunitzekin. Italiar eta Europar Erdialdeko klasizismoak utzitako ia obra guztiak biltzen ditu eta horrek erakusten du, batetik, talde horrek musika garaikidearekiko duen interes handia, eta, bertzetik, egile klasiko eta herrikoien obra moldatuak ganbera-errepertorioan sartzeko gogoa. Oraingoan, Valdi eta Marcela dantzari-bikotearekin batera hartuko dute parte, Tangoan eta Argentinako folklorean espezializatutako dantzariak.

Abuztuaren 3an, ortziralean 20:30ean, Aukeran dantza konpainiak Fusioak eskainiko du Elizondoko plazan.

Aukeran Dantza Konpainiak, Edu Muruamendiarazen zuzendaritzapean, Fusioak ikuskizuna aurkezten du, eta euskal dantzarenerritmo, soinu eta osagaien eta nazioartekobertze folkloreen arteko fusioa egiten du dantzaren bidez; ikuskizun harrigarri, berritzaile, moderno eta berezi bat.

Ordubeteko ikuskizun bat kalerako eta jende guztiarentzat; kalitate plastiko handia du, hainbat lurraldetako elementuekin, eta, ororen gainetik, ikusleak hunkiarazteko sortu eta pentsatuta dago. 

Abuztuaren 23an, ortzegunean 18:00etan Mara musikari portugaldarra izanen da Zugarramurdiko lezeetan.

Mara musika portugaldarraren azken ezustekoetako bat da. Iaz, Espainiako entzuleria konkistatu zuen, zenbait jaialditan (Cáceresko Womad jaialdia edo Getxo Folk jaialdia) eta hiritan edo probintziatan (Valentzia, Burgos, Cuenca, Ciudad Real edo Errioxa), eta, orain lehen aldiz aurkeztuko du Nafarroan Folha do rostro disko txalotua.Mara ez da fado hutsa, ez da Alenteixoko kantagintza hutsa, ezta folk hutsa ere. Musika portugaldarra da, baina flamenkoarekin eta jazzarekin ere egiten ditu maite-jolasak; saudadez eta sentimenduz betetako leku eta istorioetara eramaten gaituen ahots bikaina.

Egun berean, lezeetara eta Sorginen Museora bisita gidatua eskainiko da. Sarrera 4,50 euro ordaindu beharko da. Erreserbak 948 599004 telefonoan edo info@zugarramurdi.eus helbidean.

Irailaren 7an, ostiralean 20:00etan Leitzako plazan Kepa Junjera eta Sorginak emakume-taldea ariko dira, tradizioa eta sormena elkartuz.

Maletak honako hauen arteko topaketa da: antzinako ohiturak, munduko erritmoetan oinarrituz sortutako musikak eta publikoaren energia. Esperientzia musikal eta visual horretan, Kepa Junkera Sorginak taldeko emakumeekin batera aritzen da; emakume gazte horiek abestu, dantzatu eta mota guztietako perkusioak jotzen dituzte.

Euskaldun unibertsala eta ezinbertzekoa da Kepa Junkera; ororen gainetik, artista handi horrek iraultza ekarri du euskal musikara, hari bizitza berri emateko eta egungo eta garaikide bihurtzeko. Bere talentuari esker, inoiz imajinatuko ez genituen lekuetaraino eraman du bere musika eta, harekin batera, gure kultura. 2004an, Grammy bat eskuratu zuen Bilboko Arriaga Antzokian zuzenean grabatutako lan bati esker.

José Saramago Literaturako Nobel saridunak Etxearen aitzinsolasean esan zuenez: Bada herri musikari bat barruan munduko herri guztiak ordezkatuak dituena, denon etxea balitz bezala. Horren guztiaren arkitekto eta igeltseroak Kepa du izena.

Kepa Junkera: Trikitixa, Perkusioak.

Sorginak: Amets Ormaetxea, Eneritz Aulestia, Alaitz Escudero, Irati Gutierrez, Garazi Otaegi, Leire Etxezarreta, Irantzu Garamendi, Maddi Alberdi, Ane Gonzalez, Olatz Alberdi, Mirea Ibabe (Perkusioak, ahotsa eta dantza).

 

Javier Cigaren margo erakusketa Bertizen uztailaren 20tik abuztuaren 20ra

Era berean, arte plastikoak Bertizko Jaurerriko Jauregian finkatuko dira uztailaren 20tik abuztuaren 20ra bitartean, aunitzek handikeriarik eta zabarkeriarik gabeko pintura lasaiaren maisutzat jo duten Javier Ciga Echandi (Iruña, 1877-1960) margolari nafarraren obrari buruzko ‘Figurazioa eta esentzia’ erakusketarekin. Egunero zabalik izanen da erakusketa, 10:30etik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara. Erakusketa doakoa da, baina ordaindu egin behar da lorategi historikora sartzeko.

Lau izanen dira erakusketa honen ardatz tematikoak: errealismo soziala, erretratua, paisaia eta pintura etnografikoa eta alegoriko-sinbolikoa. Amaren aldetik Baztango jatorria zuen Ciga margolaria estu-estu lotuta egon zen eskualde horrekin, maila pertsonalean nahiz piktorikoan.

Cigaren lanak erromantizismoan eta errealismoan ditu sustraiak; lehenengotik, herriarekiko eta hango jendearekiko maitasuna hartuko du, bere lanaren inspirazio-iturri bibiak, eta bigarrenetik, errealitatea islatzeko eta perfekziora iristeko obsesioa, akademizismotik harago. Zorroztasun teknikoa eta ongi ikasitako ofizioa ditu oinarri bere pinturak. Hortik, Pinturara (maiuskulaz) jotzen du: orekatua, barea, nabarmenkeriarik gabea, non ia genero eta teknika guztiak baliatu baitzituen maisutasun handi-handiz. Parisko egonalditik, erabilera berriak ekarri zituen Cigak, nahiz eta bere ideal estetikora lerrotu zen nahita, hots, perfekzio errealistara zein pinturaren balio handietara.

Deus baino gehiago, esentzien eta Eigen pintorea izan zen Ciga, bere garaiko arima eta gizartearen interpretatzailea.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun