Gurasoen zaletasuna bere eginez, herriko plazan eta inguruko mendietan ibili izan da Etxekolonea. Doneztebe Futbol Taldean ere aritu izan da. Belauneko gaixotasun bat tarteko, futbola utzi eta medikuen gomendioak segituz, bizikleta gainera egin zuen salto. Pixkan-pixkan txirrindularitzari lotu eta«mendi bizikletako talde batean» eman zuen izena. Azken aldian, ordea, bere kabuz ari da. Maritorena, berriz, Basaburua taldearekin «herri kiroletan» ibilia da eta gaur egun «sokatiran» dabil. Azken hilabeteetan lagunekin edo bakarrik laster egitera joateko ohitura hartu du: «buruhausteak atzendu eta egunerokoarekin hausteko lagungarria zait». Bien zaletasunak uztartuz, duatloietan hasi dira.
Nola eman zenuten lehendabiziko urratsa?
Azken hiruhilekoan Gorputz Hezkuntzako irakasleak kirol bana aukeratzeko eskatu zigun. Guk mendi bizikleta eta lasterketa hartu genituen. Ordurako Iruritako duatloia egitea pentsatzen genuen. Nafarroa Oinezen harira, Altsasun Bizi duatloia egitekoa zutela oharturik, ez genuen galdu nahi izan. Elkarren arrimuan eta Joxeren, Gorputz Hezkuntzako irakaslearen, animoekin biak egin ditugu.
Nola joan zen lehendabiziko lasterketa?
Bero-beroan joan ginen, Gorputz Hezkuntzako saioetan entrenatutakoarekin eta bi aldiz pentsatu gabe. Eguraldi arras ona izan genuen, ibilbide polita izan zen eta emakumezkoen artean lehenengo postua lortu genuen. Helmugara ailegatu ginenean batetik, gure buruarekiko harrotasuna eta bertzetik jendearen harrera beroa sentitu genuen. Momentua oso berezia eta polita izan zen. Ez genuen inondik inora espero. Hori ospatzeko, han bertan, bazkari eder bat egin genuen.
Iruritan parte hartzeko bultzada eman zizuen horrek?
Bai, Altsasukoa akitu genuenean Iruritako duatloia egiteko gogoa areagotu zen. Bagenekien Iruritakoa gogorragoa izanen zela, eta urduritasunez eta kezkaz hartu genuen. Hala ere, bigarrenak ailegatu ginen, 03:26 behar izan genituen. Sailkapena ona izan zen baina bertan gozatutakoa hobea. Euria eta ekaitza izanagatik, jendea bertaratu zen... Aunitz animatu ziguten eta antolatzaileek lan paregabea egin zuten. Beraz, hemendik eskerrak eman nahi genizkioke Iruritako herriari.
Oraindik emakumezko gutti ikusten ditugu halako ekitaldietan...
Hala da, kirolean gero eta emakume gehiago ikusten baditugu ere, lan handia dago egiteke. Areago, haien gutti izanda, beraien lana eta presentzia ez da nabarmentzen. Gure ustez emakumezkoek kirolean beraien tokia izateko zaletasuna ttikitatik landu behar da. Duatloia bezalako ekitaldiak kirolari guztiek bizi beharrekoak direla uste dugu, bakoitzak bere maila eta helburua kontuan hartuz, noski.
Aitzinera begira zer asmo duzue?
Lehian edo ez, kirolaz eta naturaz gozatzen segitu nahi genuke. Duatloietan parte hartzen segitzea pentsatzen dugu nahiz eta oraindik ez dakigun hurrengoa zein izanen den... Hau hasiera bertzerik ez da izan... Bi duatloi horiek elkarrekin sufritzeko, elkar laguntzeko eta momentu berezi eta bakarrak bizitzeko aukera eskaini digute.