Erraketistak
Pilota sortu zenetik, indar handia izan du Euskal Herrian, baina batez ere, gizonarekin lotuta egon da. Hala ere, emakumeek ere pilota jokoan aspaldidanik hartu dute parte, lorpen handienak erraketa jokoan izan dituztelarik. Azpimarratzekoa da gainera, erraketista hauek izan zirela emakumezko kirolarien artean lehen profesionalak.
Hirurogei urte baino gehiagoz (1917-1980) iraun zuen Espainian eta Ameriketan erraketa jokoak. Denbora tarte horretan hainbat aldeketa egin ziren; pilotan, erraketetan, janzkeran... Garai hartan, euskal erraketistak onenak eta ugarienak izan baziren ere, beste toki batzuetako jokalariak haiekin aritu ziren: Valentzia, Logroño, Madril, Bartzelona edo Mexiko.
Erraketa jokoak, beste kirol batzuek bezala, kultura nabarmena sortu zuen inguruan. Garaiko egunkariek emakume erraketisten entzutea eta abilezia isladatu zuten, baita El Pelotari aldizkariak ere. Literaturak, zinemak edo telebistak ere jaso zuten erraketista haienganako eta haien munduarenganako interesa.
Erakusketa Euskararen Etxean
Emakume erraketistek eta haien familiek dohaintzan emandako elementu batzuek osatzen dute Bilboko Euskararen etxean irailaren 15era arte egongo den erakusketak: prentsa bat pilotetarako; karamukoak eta hariak; erraketisten jantziak eta Mercedes de Miguelen bozetoak, LIFE aldizkariaren argazkiak, garaikurrak eta oroitzeko plakak, bildumetako kromoak, eleberri bat, prentsa-artikuluak...
Antolatzaileek azaldu dutenez, ikus-entzunezkoen eta ukipen-pantaila baten bidez, aukera egongo da emakume erraketistei buruz gaur egunera arte berreskuratu den «ia dokumentazio guztia» ikusteko. Horrela erakusketara hurbiltzen direnek, mundu mailan eta pilota arloan emakumeek urte askotan zehar izan duen garrantzia eta egin duten lana ikusteko aukera izango dute.
Erakusketa ikusgai egongo da ekainaren 1etik irailaren 15era bitartean.