Aunitzetan ikus ditzakegu horrelako kanpainak komunikabideetan, formatu bortitzetan gainera. Kontsumitzaileari iristen zaion mezua zergarik gabe erosten duela da, hori gezurra izanik. Finean, Foru Ogasunari denok ordaintzen diogun Balio Erantsiaren gaineko Zerga Marketing tresna bezala erabiltzen dute operadore handiek. Era honetako ekintzak Nafarroako gizartearen gehiengo batentzako ezezkorrak direla uste dute zenbait eskualdetako bederatzi gertuko merkataritza elkartek eta Denok Bat Federazioak. Dokumentu hau sinatzen dutenek gertuko salmenta baten alde egiten dute egunero, euren Udaletxe eta Mankomunitateei zergak ordainduz, eta era honetan tokiko finantziazio-iturri garrantzitsu bat suposatuz.
Denon artean gizarte zentzudun eta jasangarri bat garatu beharrean, kanpaina horien erruz gure bizilagunek “BEZik gabeko egunetan” erostea hobea dela uste dute, hots, zergak ordaintzen ez ditugun egunetan, osasun edo hezkuntza laguntzen ez dugun egunetan, zerga paradisuetan tributatzea hobe den egunetan.
Arrazoi guzti horiengatik Bortziriak, Malerreka, Baztan, Sakana, Tutera eta Iruñeko Errotxapea, Sanduzelai eta Txantrea auzoetako dendek ozen eta garbi adierazi nahi dute “BEZik gabeko egunen” kontra daudela eta hortaz, euren bezeroei jakinaraziko dietela “BEZik gabeko egunetan”, zerbitzu publikorik gabeko eta zergarik gabeko egunetan, hobe dela ez erostea.