Gaixoei eta haien familiei informazioa eta aholkuak eman nahi dizkiete, biktimek zer egin behar duten jakin dezaten. Izan ere, ADAVAren irudiko, «nahiz eta lan munduan hagitz zabaldua egon den amiantoaren erabilera, hagitz gutti dira gaixotasun profesionalen erregistroan sartu diren kalteak». Are gehiago, «enpresek, mutuek eta prebentzio zerbitzuek jarrera oztopatzailea izan dutela» uste dute eta «administrazioek gaixo hauen jarraipenerako dituzten programek gabezia handiak dituztela».
Eskaera argiak
Alde batetik, amiantoarekin kontaktua eduki dezaketen pertsonak aitortu eta erregistro batean biltzea nahi dute, eta «mediku azterketa eta bestelako kontrol berezituak egitea». Horrekin batera, amiantotik eratorritako gaixotasunen erregistroa osatzea ere eskatzen dute eta horretan, Osasunbideak eta Nafarroako Lan Osasunerako Institutuak parte hartu beharko luketela diote.
Bertzetik, kaltetutakoei edota haien familiei diru-laguntzak eta kalte-ordainak «berehala» ematea garrantzitsutzat jotzen dute eta horren harira, Espainiako Gobernuari amiantoak kaltetutako pertsonei zuzendutako konpentsazio-funtsa sortzeko eskatu diote. Bide beretik, kaltetutako pertsonak aurretiaz erretira daitezen, behar den legedia onartzea ere galdegiten dute. Horrez gain, amiantoa egon daitekeen eraikin publiko eta pribatuetan azterketak egin beharko liratekeela uste dute, «minerala dagoen edo ez jakiteko».
Helburu horiek lortzeko, garrantzitsua ikusten dute amiantoak kaltetutakoak bildu eta elkarteko bazkide egitea. Informazio gehiago: adavan2018@gmail.com edo 661 129440.