Uriartek ibilgailu astunen gehiegikeria hori errepidearentzat jasangaitza dela deritzo. Areago, "autobidean barrena ibili beharko lukeen trafikoa errepide nazionalean eta ia eskualde-errepidean ibiliko da".
Azken hilabeteetan N-121-A eta A-15 errepideetan izandako istripu eta ezbeharrei ere so egin die. Hala, azken lau hilabeteetan N-121-A errepidean bortz hildako, bertze bortz larri zaurituak eta zauri arinak izan dituen bakarra izan diren heinean, A-15 errepidean arin zauritutako bi lagun baino ez dira izan". Datuon bidez, autobian hildakorik izan ez den heinean, N-121-A errepidean azken hamaika hilabettean hamar hildako izan direla nabrmendu du.
Era berean, udalek eskatzen dutena "zentzuzkoa" dela adierazi du: "2015ean Katalunian bide paraleloetan, ibilgailu astunen garraioa debekatu zen, ezbehar-kopuruarengatik eta izandako arrakasta tarteko estatu mailako bertze 24 errepidetan ere tankera bereko neurriak hartzen ari dira". Neurri horiek bertze tokietan izan duen arrakasta aintzat hartzeko deia egin dute.
Segurtasuna lehenestea izan da eskaera nagusia
EH Bilduko Maiorga Ramirezek segurtasuna lehenestea eskatu du. UPNko Carlos Garciak azken hitza Gobernuarena izanagatik garraioa A-15etik bideratzea eta peaje edo ordainlekuak doako egitearen alde egin du. Geroa Bai taldeko Rafa Erasok Garapen Ekonomikoko Departamentua segurtasuna lehenesten eta, hein batean bederen, guztien eskaeren araberako neurriak hartzen ari dela uste du. Podemoseko ordezkari den Carlos Cousok, berriz, arrazoi ekonomikoak, segurtasunaren gainetik, lehenetsi direla uste dutela adierazi du. Guzman Garmendia sozialistak ere gauzak ez direla behar bezala egiten ari uste dute. PPNko Javier Garciak, horiekin bat eginez, "okerrago ezin zitekeela egin" uste du. Azkenik, Jose Migel Nuinek, Ezkerrako kideak, segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartzeko eskaera egin du.