Murrizketak, matrikula zenbaki bakoiti eta bikoitien araberakoak izanen dira. Horrela bada, ekainaren 4tik 10era bitarteko astean matrikula bakoitia duten ibilgailu astunak baino ezin izanen dira ibili. Astero-astero, matrikula zenbakiaren arabera, txandakatuko dira neurriak. Hala, ekainaren 11tik 17ra matrikula bikoitidunak baino ez dute pasatzerik izanen.
Besteak beste, zerbitzu publikoa eskaintzen duten autobusak eta eskumenez araututako ibilgailuak salbuetsiko dira. Aitzitik, ekainaren 4tik azarora bitarte txirrindulariak eta bertatik pasa daitezkeen kirol ekitaldiak egitea debekatuko da.
Finean, murrizketek N-121-A errepideko 5,4 kilometroan (Ezkabako tunelen ondoko biribilgunean) eta 66 kilometroan (Berako sarreran); eta N-121-B (Oronoz Mugairi-Dantxarinea) eta NA-1210 (Belaten) errepidetako ibilbide osoan izanen dute eragina.
Garapen Ekonomikorako Lehendakariordeak, Manu Ayerdik, gidatutako jarraipen batzordearen hirugarren bilkura horretan Baztan, Lesaka, Doneztebe eta Sunbillako Udala, Baztan-Bidasoa Turismoa eta inguruko garraio enpresek parte hartu dute.