'Uraren bailarak' markak Bartzelonako esperientzien turismo-erakusketa B-travel-en parte hartu du

Ttipi-Ttapa 2018ko mai. 4a, 13:44
Irantzu Pastor eta Leire Ortuoste, Bartzelonan.

Cederna Garalur Elkartearen babespean sortutako turismo-marka horrek Baztan-Bidasoako 18 udalerri biltzen ditu bere baitan, eremu horietan turismo-sektorea dinamizatzeko xedearekin

'Uraren bailarak' markak, Baztan-Bidasoa eskualdeetan turismoa sustatzeko elkarteak, Bartzelonan egiten den turismo-esperientziei buruzko B-Travel erakusketan parte hartu zuen, apirilaren 20 eta 22an. 'Uraren bailarak' Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuak sustatutako espedizioaren parte izan zen. Departamentuak hainbat turismo-elkarte gonbidatu zituen Foru Erkidegoko turismo-eskaintza ezagutzera emateko.

 

'Uraren bailarak' markaren standean egon ziren Irantzu Pastor, Elkarteko turismo-teknikaria, eta Leire Ostuorte, Doneztebeko zinegotzia eta 'Uraren bailarak' marka sustatzeko batzordearen arduraduna; biek ala biek ibarretara egin nahi diren bisitaldiak prestatzeko aholkua eman zuten, eta leku berezienei, ibilbideei, jarduerei, festei, azokei eta bestelako turismo-xarmei buruzko argibideak eman zituzten.

200 lagun inguru hurbildu ziren elkartearen standera. Irantzu Pastorren hitzetan, «esperientzia hagitz positiboa izan da, eta agerian utzi digu Baztan eta Bidasoa eskualdeek interes handia sortzen dutela Nafarroara etortzen diren bisitarien artean.Azokan paratu dugun standa aukera handia izan da turismoak gure eskualdeen berri izateko; anitz da ikus eta egin daitekeen guztia.Horren lekuko gisa, erakusmahaira etorri ziren pertsona askok asmoa zuten gure eskualdeak bisitatzeko, eta emandako azalpena entzun ondoren, egonaldia luzatzea erabaki zuten».

Iaz 'Uraren bailarak' markak Expovacaciones erakusketan egon zen, Bilboko BECen. Aurten, Elkarteak nazioarteko lehen mailako azoka horren aldeko apustua egin du. Esperientzia guztiz positiboa izan da; hortaz, ez da baztertzen aurrerago antzeko beste ekitaldi batzuetan parte hartzea. «Merezi izan du ahaleginak», Irantzu Pastorren erranetan.

B-Travel nazioarteko turismo-esperientzien azokarik garrantzitsuenetako bat da, urtero Bartzelonan antolatzen dena. Aurten sektore pribatuko 200 erakusketarik eta nazio eta nazioarteko 60 xedek baino gehiagok hartu dute parte. Bisitariak 30.000 baino gehiago izan dira.

'Uraren bailarak' Baztango eta Bidasoako eskualdeetako 18 udalerri biltzen dituen turismo-marka da. 2015ean sortu zen Cederna Garalur Elkartearen babesean. Markaren xedea turismo-sektorea dinamizatzea da, hiru ardatzetan: proiektu estrategikoak martxan jartzea, tokiko agendak koordinatzea, eta elkarrekin eremua sustatzea.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun