Eskualdean La Manada taldearen sententziarekiko desadostasuna adierazi dute

Ttipi-Ttapa 2018ko api. 27a, 08:01

Gaur 12:00etan Donezteben bilduko dira, eskola pareko errotondan

Donezteben, Beran, Elizondon, Lesakan... herritarrek La Manada taldeari jarritako bederatzi urteko sententziaren harira, desadostasuna adierazi zuten. Eskualdeko herritarrek Nafarroako Justizia Auzitegiko epaimahaiak jarritako zigorrarekiko haserrea kanporatu zuten.

Donezteben, atzo sare sozialen bidez iragarritako protesta egin ondotik, gaur berriz bilduko dira. 12:00etan eskola pareko biribilgunean biltzeko deia egin dute. Hainbat izan dira sare sozialetan egindako aldarrikapen keinuak, hainbat han eta hemen ikusi ditugun leloak: «ez ez da», «nik sinisten dizut», «nire ahizpa defendituko dut»... Elizondon «nazkatuta gaude!» lelopean jendetza bildu zen. Herrian barna ibili ondotik, plazan bukatu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun