Aurkezpenean, Beaumontekin batera, barneko zuzendari nagusiak, Agustin Gastaminza, Babes Zibileko zuzendariak, Isabel Anaultek eta HeliNET proiektuaren arduradunak, Amaya Osacarrek parte hartu zuten. Anue, Araitz, Arantza, Areso, Atetz, Bera, Donamaria, Eratsun, Etxalar, Ezkurra, Igantzi, Ituren, Lantz, Lesaka, Saldias, Sunbilla, Ultzama, Urdazubi, Zubieta, Zugarramurdiko udalkideak deituak zituzten, Felix Esparza, Oronoz-Mugairiko suhiltzaile, Bera eta Lesakako suhiltzaile boluntario eta Elizondoko Foruzaingoaren nagusi den Patxi Salvadorrekin batera.
Bilkurak HeliNET proiektuaren helburuak azaldu eta helikopteroak lur hartzeko eremuekin sare bat sortzea zuen helburu. Saretze horren bidez, larrialdi unea zeinahi delarik ere, egoera edo arriskuari aurre egiteko bideak eraiki nahi dituzte. Horretarako, Beaumontek eremuak bilatzen hasteko deia egin zien gonbidatuei. Ahal bada udalarenak diren lursailak hautatzea komeni dela jakinarazi zuen, banakoekin hitzarmenak egiteak sor ditzakeen zailtasunak saihesteko. Horren harira, helikopteroek eragozpenik gabe lur hartzeko, lursail horiek bete behar dituzten baldintzak ere mahairatu zituen.
Astelehenean Ezkarozen eginiko jardunaldiaren ondotik, bigarren aurkezpena izan da Bertizen egin dutena. Orain azpiegitura-lanak egiteko eremuak lehenestera joko dute (Nasuvinsak hartuko du ardura) eta udalek proposaturiko gune zehatzak aztertuko dituzte. Kontseilariaren hitzetan “helikopteroek ahalik eta hurbilen lur hartzen dute, baina eremu konkretu eta egokituak behar dituzte”. Toki posibleak aztertuak direlarik, Babes Zibileko teknikariek egokitasuna aztertuko dute. Egokia bada eta gaitasunik badu, proposamena zehatz idazteari ekinen diete, toki-entitateei aurkezteko.