Aurten ere, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi du UEMAk, Baztan, Bera, Etxalar, Arantza eta Igantziko udalekin elkarlanean

Ttipi-Ttapa 2018ko api. 20a, 07:26

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide ez diren bertze zenbait udalek ere parte hartuko dute

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, bertako kide diren Bortzirietako udalekin (Bera, Etxalar, Arantza eta Igantzi) eta Baztango Udalarekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri du abian aurten ere. Bertze behin ere, gainera, UEMAtik harago doa elkarlana, Mankomunitateko kide ez diren bertze zenbait udalek ere parte hartuko baitute.

 

Kanpaina berri honekin, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bultzatu nahi da. Bide horretan, errenta aitorpena euskaraz eginda euskarari bide berriak irekitzeaz gain, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen da. Hizkuntzaren normalizazioa lortzeko euskara eremu guztietara hedatu behar da, eta horretarako, garrantzitsua da herritarrek euskaraz osotasunean bizitzeko hautua egitea. Udalerri euskaldunetako herritarrok eredu eta aitzindariak izan gaitezke horretan.

Ohi bezala, aurten ere, errentaren gaineko aitorpena egiterakoan, zergadunek hainbat bide dituzte euskaraz egiteko, eta oso modu errazean gainera:

  • errenta aitorpenaren garaian bulegoan bertan erraten ahal da euskaraz egin nahi duela
  • telefonoz deitu 948 505 152 zenbakira (NAN + PINa)
  • navarra.es helbidera jo, “errenta aitorpenaren proposamenaren hizkuntza hautatu” eta ziurtagiri digitalarekin edo NAN+PINarekin egin ahal da

Urtez urte, gero eta gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiteko hautua egiten duten herritarrak.  Euskararen normalizaziorako bidean ematen ari garen beste pauso bat da hau. Baina, pauso handia eta sendoa izan dadin, herritarren babesa eta parte-hartzea beharrezkoa da. Euskarak merezi duen lekua izan dezan egunero behar baitu gu guztion zaintza.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun