Helduek DBH titulua eskuratzeko ikastaroa antolatu dute ikasturte honetan ere Baztan-Bidasoaldean

Ttipi-Ttapa 2018ko api. 19a, 14:54
Baztan, Bortziriak eta Malerrekako udaletako eta Gizarte Zerbitzuetako ordezkariak, aurkezpenean

Apirilaren 23tik maiatzaren 11ra irekiko da izena emateko epea 

Baztango Udalak, Malerrekako eta Bortzirietako Mankomunitateak, Gizarte Zerbitzuen bitartez, eremuko institutuekin eta Cederna Garalur elkartearekin elkarlanean, eskualdeko helduentzako irakaskuntza programa publikoa eta doakoa indarrean jartzea lortu zuten 2015ean. Lehen ikasturtean 8-10 lagunek izena eman zuten eta 2016-17 ikasturtean 20 bat lagunek lortu dute DBH titulua. 2018-19 ikasturterako izena emateko epea apirilaren 23tik maiatzaren 11ra irekiko da.

 

Matrikulazio kanpainaren berri emateko agerraldia egin zuten apirilaren 19an Malerrekako Mankomunitatean. Baztan-Urdazubi-Zugarramurdi, Bortziriak eta Malerrekako Gizarte Zerbitzuen ordezkari, Laura Andresena, Itziar Iguzkiagirre eta Begoña Alberro izan ziren eta udal ordezkari gisara, Xanti Uterga Doneztebeko alkatea, Migel Mari Irigoien Etxalarko alkatea eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko presidentea eta Juan Cruz Iriarte, Baztango zinegotzia.

Nafarroako hainbat eskualdetan indarrean zegoen helduentzako irakaskuntza zerbitzua, eta Baztan-Bidasoaldean, berriz, 2015a bitarte ez. “Huts handia sumatzen genuen, ikasketak bukatu gabe utzi zituenak aukerarik ez baitzuen ordura arte inguruan ikasketak  bukatzeko”, aipatu du Xanti Uterga Doneztebeko alkateak.

Zerbitzu honekin eskualdean bertan, aukera eman nahi izan diete  bere garaian ikasketak akitu gabe utzi zituzten herritarrei. 18 urtetik goitiko herritarrei oinarrizko ikasketak eskaintzea izan da helburu; doakoa eta hezkuntza sare publikoaren bitartez. Parte-hartzaileek Bigarren Hezkuntzako titulazioa eskuratzeko  aukera izan dute. Irailetik ekainera izaten dira ikastaroak eta lau hilabeteko lau modulo osatzen dituzte, bi ikasturtetan titulua ateratzeko moduan.

Beraz, bere garaian ikasketak bukatu gabe utzi zituzten herritar guztiei dei egiten diete 2018-2019 ikasturtean ere DBH titulua eskuratzeko taldean izena ematera, apirilaren 23tik maiatzaren 11ra epea zabalik dago eta Lekarozko institutuko bulegoetara deituz egin daiteke. Telefonoa 948581803 da eta ordutegia, astelehenetik ortziralera 08:00etatik 15:00etara eta asteazkenetan, 16:00etatik 18:00etara.

Honen inguruko informazio zehatzagoa eskuratu nahi izanez gero edo zalantzaren bat argitu, Gizarte Zerbitzuetara deitu behar da (Malerrekan, 948451746; Baztanen, 948580006; Bortzirietan, 948635036).

 

Lanbide Heziketa Zentru berriaz

Gai honekin lotuta, eskualderako Lanbide Heziketa Zentro berriaren inguruan, Juan Cruz Iriarte Baztango zinegotziak aipatu zuenez, «2020-2021 ikasturterako martxan izatea espero dugu, lurraren erabilerarekin zeuden arazoak konpondu ondotik. Aurtengo udal aurrekontuan ere sartu dugu diru-sailen bat, baina lanak, zuzenbidean heldu den urtean hasiko dira». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun